Mundua -
Hauteskundeak
Presidente berria hautatzera deituta daude 54 milioi egiptoar
Anaia Musulmanek abstentzioaren alde egin dute, hauteskundeak "iruzurra" direla argudiatuta. Gazteen taldeek ere abstentzioa bultzatu dute, testuinguru demokratikorik ez dagoela esanda.
Erredakzioa
Abdel Fatah al Sisi Armadako buru ohiak zilegitasuna lortu nahi du gaur Egipton presidentea aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeetan. Izan ere, hauteskundeak Al Sisiren inguruko referendumtzat hartu dituzte.
54 milioi egiptoar daude boza ematera deituta astelehena eta asteartea bitartean. Al Sisiz aparte, Hamdin Sabahi ezkertiarra da beste hautagai nagusia, baina, aurreikuspenen arabera, Armadako arduradun ohiak dena alde du garaipena lortzeko. Herritar askok, gainera, boikota egingo diete hauteskundeei.
Al Sisiren garaipena ziurtzat jota, parte-hartzea zenbatekoa den eta bi hautagai nagusiek zenbateko babesa jasoko duten ikustea dira hauteskundeetako interes nagusiak.
Anaia Musulmanak, abstentzioaren alde
Anaia Musulmanek eta antzeko taldeek abstentzioaren aldeko deia egin dute, euren iritziz, hauteskundeak "iruzurra" direlako. Gazteen taldeek ere abstentzioaren aldeko kanpaina egin dute, hauteskundeak egiteko testuinguru demokratikorik ez dagoela argudiatuta.
13.899 hauteslekuetako ateak 12 orduz irekita izango dira, 9:00etatik 21:00etara. 16.000 epaile izango dira hauteskunde prozesua ikuskatzen.