Mundua -
Estatu-kolpea
Shinawatra lehen ministro ohia atxilotu dute Thailandiako kolpistek
"Yingluck, haren ahizpa eta koinatua atxilotu ditugu", azaldu dio goi-agintariak Reuters albiste-agentziari. Bi senitartekoak goi-kargudun politikoak izan dira.
Erredakzioa
Yingluck Shinawatra Thailandiako lehen ministro ohia atxilotu du gaur Armadak, goi-agintari batek jakitera eman duenez. Prayuth Chan Ocha jeneralak, Armadako buruzagiak, estatu-kolpea eman eta Pheu Thairen agintaldiari amaiera eman zion atzo.
Gobernuburu ohia ostiralerako deitu zuen junta militarrak, Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 7an kargutik kentzeko agindua eman eta gero.
"Yingluck, haren ahizpa eta koinatua atxilotu ditugu", azaldu dio goi-agintariak Reuters albiste-agentziari. Bi senitartekoak goi-kargudun politikoak izan dira.
"Astebete baino gehiago ez du atxiloturik emango, gehiegizkoa izango litzateke. Lehenengo gauzak antolatu behar ditugu", justifikatu du ofizialak. Gobernuburu ohia non duten ez du zehaztu goi-agintariak.
Lehen ministro berria
Prayuth Chan-ocha Thailandiako Armadaren buruak behin behineko lehen ministro izendatu du bere burua, militarrek atzo estatu-kolpe baten bitartez boterea eskuratu ostean.
Prayuth buru duen batzorde militarrak, Bakerako eta Ordenarako Kontseilu Nazionalak, agiri batean jakinarazi duenez, lehen ministroaren ardura guztiak hartuko ditu bere gain Prayuth Chan-ochak behin betiko hautagai bat erabaki arte.
Prayuthek gerra legea aldarrikatu zuen duela hiru egun, eta atzo erabateko boterea hartu zuen, Gobernuaren eta oposizioaren artean akordioa lortzeko ahaleginek porrot egin zutelako.
Kolpea eman eta 16 ordura, batzorde militarrak bi agindu eta 19 iragarki eman ditu irrati eta telebistetan, eta gainerakoan musika patriotikoa eta informazio buletinak besterik ez dituzte ematen.
Hori horrela, Armadak Yingluck Shinawatra lehen ministro ohia eta bere familiako eta alderdiko 22 pertsona deitu ditu agintari militarren aurrean deklaratzera.
Era berean, Bakerako eta Ordenarako Kontseilu Nazionalak etxeratzeko agindua eman du, bilera publikoak debekatu ditu, Konstituzioa bertan behera utzi du, eta hedabideen zentsura indartu du.
Kolpe militarra gobernuaren kontrako zortzi hilabeteko protestetan 28 pertsona hil eta 800 zauritu ostean iritsi da.