Mundua -

Irailaren 18

Eskoziako erreferenduma 'itzulezina' dela esan du Cameronek

Britainia Handiko lehen ministroaren hitzetan, kontsulta "erabakigarria, legezkoa, bidezkoa eta loteslea" izango da. Eskoziak erabakitzeko eskubidea izatea ona dela errepikatu du Cameronek.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziak irailaren 18an egin beharreko erreferendumak "atzera bueltarik" ez duela adierazi du gaur David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak. Eskoziarrek bozkatzeko beste aukerarik ez dutela izango aditzera eman du.

Gobernuburuaren ahotan, kontsulta "erabakigarria, legezkoa, bidezkoa, itzulezina eta loteslea" izango da.

Galdeketaren emaitza estua eta independentziaren aurkakoa izango balitz Eskoziako abertzaleek beste bozketa bat aldarrikatuko luketela ohartarazi dute Erresuma Batuko zenbait politikarik azkenaldian.

Hala ere, Eskoziak erabakitzeko eskubidea izatea ona dela errepikatu du Cameronek. Eskoziaren etorkizunari buruzko eztabaida areagotu da, independentziaren aldeko boto-emaileek inkestetan gora egiten duten bitartean.

Azken inkesta iragan asteburuan argitaratu zuten. Inkestaren arabera, eskoziarren % 48k independentziaren kontrako botoa emango lukete, % 36 aldekoa eta % 15ek botoa erabaki gabe jarraitzen dute.

Europar Batasuna

Bestalde, Eskozia Europar Batasunean jarraitzeko mehatxu nagusia Cameronek 2017an egin nahi duen erreferenduma dela adierazi du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak; izan ere, Erresuma Batua Europako bloketik ateratzeko galdeketa egin nahi du.

Irailaren 18ko kontsultan Eskoziak burujabetzaren bidea aukeratzen baldin badu, EBk ongietorria egingo liokeela azaldu du Eskoziako buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Eskozia Eskoziako erreferenduma