Mundua -

Bake prozesua

FARCek eta Kolonbiako Gobernuak drogei buruzko akordioa lortu dute

Gobernuak ustelkeriaren kontra borrokatuko dela hitzeman du. FARCek, berriz, narkotrafikoarekin duen edozein lotura hautsiko dutela agindu du, behin bake akordioa sinatzen denean.

FARCek eta Kolonbiako Gobernuak drogei buruzko akordioa lortu dute. Argazkia: EFE
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak drogei buruzko akordioa lortu dute. Argazkia: EFE
Bakea gero eta hurbilago dago Kolonbian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FARCek eta Kolonbiako Gobernuak legez kanpoko drogei eta narkotrafikoari buruzko akordioa lortu dute. Duela urte eta erdi hasi zituzten bake elkarrizketak Habanan, eta oraingo hau negoziazioetan adostutako hirugarren puntua izan da.

Lehen akordioa, nekazaritzako lurren garapenari buruzkoa, duela urtebete iragarri zuten, eta bigarrena, parte hartze politikoaren ingurukoa, azaroan.

Negoziatzaileek azaldu dutenez, gaiari buruzko akordio partziala lortu dute bi aldeek. Gobernuak ustelkeriaren kontra borrokatuko dela hitzeman du. FARCek, berriz, narkotrafikoarekin duen edozein lotura hautsiko duela agindu du, behin bake akordioa sinatzen denean.

Legez kanpoko erabilerarekin loturiko laborantzak ordezkatzea, droga kontsumoaren aurrean prebentzioa indartzea eta narkotikoen ekoizpen eta merkaturatzearekin loturiko arazoei aurre egitea adostu dute, besteak beste.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea pozik agertu da lortuko akordioarekin. "Ivan Marquez" FARCeko bigarrena eta negoziazio taldeko burua denak adierazi duenez, lorturiko akordioari esker geroz eta gertuago dago bakea. Oraindik ere, narkotrafikoaren alorrean adostu gabeko hainbat kontu badaudela aitortu badu ere, behin betiko akordioa sinatzerako zintzilik geratu diren auzien gainean akordioa lortzea espero du.

Bestalde, FARCek eta ELN gerrillak aldebakarreko su etena iragarri dute Kolonbiako hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean.

Bake elkarrizketei ekainaren 2an ekingo diete berriz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak