Mundua -

Kolonbiako hauteskundeak

Zortzi eguneko su-etena iragarri dute FARCek eta ELNk

Buruzagi gerrillarien hitzetan, "ahots askok" su-etena eskatzen zuten "hauteskundeetan klima politikoa ez asaldatzeko".

FARCeko ordezkariak Habanan (Kuba). Argazkia: EFE
FARCeko ordezkariak Habanan (Kuba). Argazkia: EFE
FARCeko ordezkariak Habanan (Kuba). Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi eguneko aldebakarreko su-etena iragarri dute Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) eta Askapen Nazionalerako Armadak (ELN). Presidentetzarako hauteskundeak egin behar dituzte Kolonbian, maiatzaren 25ean, eta gerrillariek "keinu" bat egin dute "aldarri nazionalari" erantzuteko.

"Estatuko Indar Armatuen edo azpiegitura ekonomikoen aurkako erasoak bertan behera uzteko agindua eman diegu gure unitate guztiei, maiatzaren 20ko 00:00etatik maiatzaren 28ko 24:00etara arte", adierazi dute bi talde gerrillariek agiri bateratuan, Habanan (Kuba).

Agiri bateratua Timoleon Sanchez Timochenko eta Nicolas Rodriguez FARCeko eta ELNko buruzagiek sinatu dute Kolonbiako mendietan.

Buruzagi gerrillarien hitzetan, "ahots askok" su-etena eskatzen zuten "hauteskundeetan klima politikoa ez asaldatzeko".

Eszeptizismoa

Hala ere, FARC eta ELN ez dira baikor azaldu, eta ez dute euren eszeptizismoa ezkutatu Kolonbiako Gobernuak eman beharreko erantzunaren aurrean. "Aldebiko su-eten bat lortzeko itxaropena pizteko keinua" izan dela azaldu dute gerrillariek.

Kolonbiako talde gerrillari nagusiek batera iragartzen duten aurreneko su-etena izan da gaurkoa. 2012ko azaroan, Kuban, elkarrizketa prozesua hasi zenetik FARCek iragarri duen hirugarren su-etena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea