Mundua -

Ezbeharra

Harrapatuta dauden 120 meatzari ateratzeko lanean ari dira Turkian

Gutxienez 274 meatzari hil dira eta 120 bat harrapatuta daude barruan. Turkiako historiako meatzari-istripu larriena izan daiteke eta munduko hamar larrienetariko bat.

Turkian izan den leherketaren osteko irudia. EFE
Jada 232 dira hildakoak Turkiako meategiko istripuan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraindik Turkiako meatzearen barruan harrapatuta dauden 120 meatzariak erreskatatzeko lanetan dihardute, baina asko zailtzen ari dira lanak suaren eta gas isurien ondorioz. Hala baieztatu du Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak. Gutxienez 274 meatzari hil dira istripuan.

Meatzean 120 bat langile daude oraindik. Atzo sute bat sortu zen eta hainbat sindikalistek jakinarazi dutenez, langileak bizirik aurkitzeko aukera oso gutxi dago.

Istripuaren tokira bertaratu da Turkiako lehen ministroa, baina ez du meatzetik inor bizirik ateratzeko esperantzarik eman nahi izan. Dena den, aginpideak hildakoez arduratzen ari direla nabarmendu du: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu. Hildakoen alde otoitz egiten ari dira Koranaren kurtso guztietan eta ostiraleko sermoian gogoratuko dituzte".

Meatzea ikuskatu zuten martxoan eta ez zuten irregulartasunik atzeman. Istripurik gabe lan egitea ezinezkoa da, eta meatze hau munduko onenetakoa da segurtasun baldintzei dagokienean", nabarmendu du Turkiako lehen ministroak.

Özgur Ozel CHP alderdiko diputatuak 350 hildako egon daitezkeela adierazi du eta Turkiako historiako meatzari-istripu larriena izan daitekela esan du eta munduko hamar larrienetariko bat.

Hiru egunez doluan izango dira eta tristurak eta amorruak bat egiten dute meatzariek jasan behar duten seguritate eskasagatik. Ikasleen eta poliziaren arteko liskarrak izan dira, horren aldeko protestak izan direlako.

"Hildakoen artean meatzeko langileak ez ziren pertsonak daude. Gasak kaltetutako zaurituak daude. Ez gaude ziur, baina kezkagarria da. Oraindik hazi egin liteke hildakoen kopurua", adierazi du Taner Yildiz Energia ministroak.

Leherketa gertatu eta 18 ordura, meatzarietako bat bizirik ateratzea lortu dute, eta horrek langile gehiago bizirik bilatuko dituzten esperantza areagotu du.

Hakan Aydin Azpikontratatutako Langileen Elkarteko presidenteak salatu du hildakoak gutxienez 400 izango direla, lan baldintza txarretan ari zirela eta ez zegoela istripuetarako erreskate planik.

Gainera, meatzean sartu eta erreskate lanetan ari direnak bertako eta inguruko meatzeetako langileak direla azaldu du.

"Hor behean ikusten dena izugarria da. Gure lankideak bata bestearen gainean daude, ezinezkoa da inor bizirik aurkitzea horrenbesteko gasarekin", adierazi du langile batek CNNTurk telebista-katean.

Lekuko batzuen arabera, gainera, adingabeak ere bazeuden meatzearen barruan; izan ere, horietako batek esan du 15 urteko ilobaren gorpuaren bila ari zela.

Meatzea duela urtebete pribatizatu zuten, eta enpresa jabea gustura agertu zen berriro etekinak lortzea lortu zutelako, Estatuak kudeatzen zuenean baino laurden bat gutxiago gastatuta. Sindikatuen ustez, ordea, langileen segurtasunaren kontura aurreztu dute dirua.

Meategia kudeatzen duen enpresak (Soma Coal Mining Company) meatzearen azken ikuskapenean arauhausterik ez zela atzeman azpimarratu du.

Taner Yildiz Istanbulgo Energia ministroak gaineratu du ezbeharra txanda aldaketa egiteko unean gertatu dela, eta, ondorioz, litekeena dela hildakoen kopurua are gehiago haztea.

1992an gertatu zen beste istripu batean 263 pertsona hil ziren Turkian. Datuak jasotzen hasi zirenetik, 1941etik, 3.000 pertsona baino gehiago hil eta 100.000tik gora zauritu dira Turkiako meatzeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea