Mundua -

Bahiketa

Hilabete Nigerian bahitutako 200 nesken berririk gabe

#BringBackOurGirls eta #RealMenDontBuyGirls etiketek mundu mailan izan dute oihartzuna, aurpegi ezagunek parte hartu baitute ekimen horretan.

Nazioartea hasi da mugitzen Nigerian bahitutako nesken alde

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete da Boko Haram talde islamistak 200 neska bahi zituela Nigeriako eskola batean. Gazteak Chibok udalerriko eskola batean bahitu zituzten, Borno eskualdean, apirilaren 14an.

Bahitzaileek bideo bat aireratu zuten atzo, eta 130 adingabe inguru beloa jantzita Koranaren zatiak errezitatuz ageri dira irudietan. Boko Harameko bozeramaileen esanetan, gazteak aske utziko dituzte talde horretako hainbat preso aske utziz gero.

"Gobernua gazteak aske uzteko aukera guztiak aztertzen ari da, gurasoengana eramateko", azaldu du Mike Omeri Orientazio Nazionalerako Agentziako zuzendariak.

Gainera, Boko Haram talde islamistarekin negoziatzeko "prest" omen dago Nigeriako Gobernua. Nigeriako ministro batek BBC katean egin ditu adierazpen horiek, eta 200 neskak aske uzteko lanean ari direla azaldu du.

Britainia Handiko kate publikoan, Tanimu Turaki Nigeriako ministroak azaldu du Boko Haram "benetan" ari bada, Abubakar Shekau liderrak bere konfiantzazko pertsonak bidali beharko lituzkeela negoziatzeko.

#BringBackOurGirls eta #RealMenDontBuyGirls

#BringBackOurGirls ("Ekarri bueltan gure neskak") eta #RealMenDontBuyGirls ("Benetako gizonek ez dituzte neskak erosten") etiketek mundu mailako oihartzuna lortu dute, pertsona ezagunek parte hartu dutelako ekimen horretan: Michelle Obama, Malala Yousafzai gazte pakistandarra, Frantzisko Aita Santua, Jon Kortajarena, Maria Dolores de Cospedal eta Chris Brown, besteak beste.

Milioika lagunek familiak babestu nahi izan dituzte sare sozialean, "Ekarri bueltan gure neskak" lelopean, eta Nigeriako Gobernuari presioa egin diote eta nazioarteari gazteak askatze aldera lan egiteko eskatu diete.

Kanpaina horretako ia erdiak Ameriketako Estatu Batuetatik heldu dira, eta "hashtag activism" ("etiketa bidezko aktibismoa") izenarekin ezagutzen den mugimenduaren beste erakustaldi bat izan da.

"#BringBackOurGirls" etiketa modu espontaneoan sortu zen, Ibrahim Abdula Nigeriako abokatuak Oby Ezekwesilila Nigeriako Hezkuntza ministro ohiaren hitzak bere eginda.

Ikuskizunaren eta entretenimenduaren munduak ere bat egin du auzi honekin: Angelina Jolie, Sean Penn, Justin Timberlake, Kerry Washington, Amy Poehler, Katie Holmes, Christina Aguilera, P. Diddy, Anne Hathaway, Kim Kardashian, Christiane Amanpour, Chris Brown...

 

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea