Mundua -

Bahiketa Nigerian

AEBko Gobernua neskato nigeriarrak bilatzen laguntzea aztertzen ari da

Barack Obama AEBko presidentearen esanetan, Nigeriako agintariei laguntzeko ahal duen guztia egingo du bahitutako neskak aurkitzen laguntzeko.

Nazioartea hasi da mugitzen Nigerian bahitutako nesken alde

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Gobernua Nigeriara hegazkinak bidaltzea aztertzen ari da, Boro Haram talde islamistak 200 neska baino gehiago bahitu ondoren, bertako agintariek horiek bilatzen laguntzeko eskatu eta gero.

“Nigeriarrek horretarako laguntza eskatu dute, eta laguntza hori ematea aztertzen ari gara”, esan du Linda Thomas-Greenfield Afrikar Gaietarako Estatu idazkariordeak.

Horren esanetan, Washington Abujako agintariekin elkarlanean aritu da 2013ko irailetik, Boko Haram talde islamistaren aurka borrokatzeko gaitasuna hobetzen saiatzeko.

Halaber, Afrikako herri horretako presidentea, Goodluck Jonathan, estatubatuarren laguntza jasotzeko “prest” agertu da. Nolanahi ere, horren ustez, Ameriketako Estatu Batuek “ezin dute arazo hau bere egin, izan ere, nigeriarrek izan behar dute frontea eta muina”, gaineratu du.

Horren harian, Boko Haram talde islamista ez da segurtasun arazoa bakarrik, herrialdeko gune pobreenetako bat garatzeko erronka ere bada, esan du.

Thomas-Greenfieldek azaldu duenez, Kamerunen ere jarduten duen talde horrek zer-nolako arazoak eragiten dituen ikusita, mugaz gaindiko akordio bat behar da inguru horretan Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ari diren muturreko talde islamistei aurre egiteko.

AEBko Gobernuak “ahal duen guztia” egingo du Nigeriako agintariei neska horiek bilatzen laguntzeko, Barack Obamaren arabera. AEBko presidenteak adierazpen horiek egin eta bi egunera esan du hori Thomas-Greenfieldek.

AEBko Gobernuak ez du bere laguntzaren inguruko xehetasunik eman, baina AEBko Inteligentzia Zerbitzuek ba omen dakite bahituak zein ingurutan eta zein baldintzatan dituzten, informazio hori erabat osatuta ez badago ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak