Mundua -
Ipar Irlanda
Gerry Adams atxilotu dute, IRAk 1972an egindako hilketa batengatik
Duela 40 urte Irlandako Armada Errepublikanoak egindako erasoari buruz hitz egiteko, Sinn Feineko presidentea Ipar Irlandako Poliziarekin biltzeko prest agertu zen Gerry Adams iragan hilabetean.
Erredakzioa
Gerry Adams Sinn Feineko presidentea atxilotu du Ipar Irlandako Poliziak, BBC telebistak gaur jakitera eman duenez. Antza denez, Jean McConville katolikoaren hilketa argitzeko atxilotu dute. IRAk 1972an hil zuen McConville, Erresuma Batuko segurtasun indarrekin elkarlanean aritu zelakoan.
Duela 40 urte Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) egindako erasoari buruz hitz egiteko, 65 urteko Adams Ipar Irlandako Poliziarekin (PSNI) biltzeko prest agertu zen iragan hilabetean. Hala ere, hilketarekin loturarik eta harremanik ez duela argi utzi zuen.
Adams Antrim konderriko polizia-etxean bere borondatez azaldu da gaur, eta atxilotu egin dute, Ipar Irlandako Poliziak jakitera eman duenez. Galdeketa ostegun honetan egingo diotela espero da.
"Jean McConvillen auzia aztertzeko PSNIrekin biltzeko prest zegoela esan zuen Adamsek iragan hilabetean. Bilera arratsaldean egiten ari dira", jakitera eman du Sinn Feinek agiri batean.
"Buruzagi errepublikano bezala, inoiz ez diot uko egin bakea eraikitzeko erantzukizunari, eta horrek biktimen eta haien senideen gai delikatuari heltzea suposatzen du. Ahal izan dudan heinean beti eskaini diet laguntza nirekin harremanetan jarri diren biktimei eta haien senideei. Eta ados ez badaude ere, Jean McConvilleren familiari laguntzeko ere banago", esan zuen Adamsek.
Sinn Feineko presidenteak errugabea zela azpimarratu zuen: "McConvilleren, bahiketarekin, hilketarekin eta lurperatzearekin ez dut inolako zerikusirik".
Sinn Fein: "Oinarri politikoa duen atxiloketa da"
Lou McDonald Sinn Fein alderdiko bigarren buruzagiak salatu du Gerry Adamsen atxiloketa erabaki politiko baten ondorio dela, Europako hauteskundeetako kanpainaurrean egin dutelako.
"Ipar Irlandako Poliziak atxiloketa une honetan egitea erabaki politikoa izan dela eta Gerry Adamsen eta Sinn Feinen irudia kaltetzea helburu duela uste dut", nabarmendu agiri batean.