Mundua -
Hondoratzea Hego Korean
‘Sewol’ ontziaren kapitaina atxilotzeko agindua eman dute
Ferryan zihoazen ikasleen institutuko zuzendariordea hilda agertu da. Antza, bere buruaz beste egin du.
Erredakzioa
Hego Koreako Fiskaltzak ‘Sewol’ ontziaren kapitaina eta tripulazioko bi kide atxilotzeko agindua eman du, ontzia hondoratu zenean ustez bidaiariei laguntzarik ez emateagatik.
Fiskaltzaren aburuz, Lee Jun-seok kapitainak eta tripulazioko bi kidek ebakuazio-legeak hautsi zituzten eta ez zuten kontuan izan 475 bidaiarien segurtasuna.
Atxilotu ditzaketenen artean, ferryko hirugarren ofiziala ere egon liteke, izan ere, ikerketen arabera, berak zuen lemaren ardura istripua gertatu zenean.
Hain zuzen ere, kapitainak lemaren ardura hirugarren ofizialari utzi izanak ere itsas arauak hausten ditu. 3.000 tonatik gorako ontziak eramateko ahalmena, kapitainaz gain, lehen eta bigarren ofizialek baino ez dute. ‘Sewol’ ferryak 6.800 tona ditu.
Bidetik atera zen ferrya
Ferrya Gobernuak zehaztutako bidetik irten zela uste da, eta bat-batean biratu zuela bere bidera itzultzeko. Litekeena da maniobra horren ondorioz pisua alde batera joan, eta horregatik iraultzea ontzia. Dena dela, hipotesi hori ez da baieztatu oraindik.
Hainbat lekukok jakitera eman duenez, “kolpea hartu ondoren, eserita egoteko agindu zien kapitainak”. Erabaki horrek ebakuazio-lanak atzeratu zituen.
Eta ikerketa zabalik dagoen bitartean, erreskate lanek aurrera jarraitzen dute. Datu ofizialen arabera, 179 pertsona erreskatatu dituzte, hildakok 28 dira eta desagertuak 268. Desagertuen artean gehienak 16 eta 17 urte arteko ikasleak dira, eta badirudi ontzi barruan harrapatuta daudela.
Institutuko zuzendariordea hilda agertu da
Ferryan zihoazen 325 ikasleen institutuko zuzendariordea hilda agertu da kostaldean dagoen Jindo herrian. Antza, bere buruaz beste egin du.
Zuzendariordea zuhaitz batetik zintzilik agertu da hilda, desagertutakoen familiak bilduta dauden kiroldegitik gertu, “Korea Herald” egunkariak jakitera eman duenez. Zuzendariordea ere ferryan zihoan istripua gertatu zenean.