Mundua -
Goi-bilera Bruselan
EB eta Afrika, ados legez kanpoko immigrazioaren aurkako borrokan
Legez kanpoko immigrazioa "onargarria ez" dela argi utzi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, eta goi-bileraren emaitzekin pozik azaldu da.
Erredakzioa
Legez kanpoko immigrazioaren aurka borroka egiteko eta legezko mugikortasuna sustatzeko plana (2014-2017) adostu dute Afrikako eta Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek. 2000. urtetik egin duten laugarren goi-bilera da.
"Legez kanpoko immigrazioaren kontra borroka egiteko konpromisoa hartu dugu; horretarako lankidetza eraginkorra bideratuko dugu, legez kanpoko immigrazioaren ondorio dramatikoak saihesteko eta etorkinen bizitza babesteko", dio bi blokeek adostutako adierazpen bateratuak.
Besteak beste, prebentzioa, mugen kudeaketa indartzea eta etorkinen trafikoaren aurkako borroka aipatzen ditu egitasmoak.
Rajoy, konforme
Legez kanpoko immigrazioa "onargarria ez" dela argi utzi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, eta goi-bileraren emaitzekin pozik azaldu da.
"Afrikako herrialdeek laguntza behar dutela adostu dugu, baina pertsonen trafikoa egiten duten mafien kontrako borrokan beraiek ere lagundu behar dute. Bilerarekin pozik nago", azaldu du goi-bileraren amaieran. Afrikako 54 herrialdetako buruzagiek eta EBko estatuek parte hartu dute goi-bileran.