Mundua -
Krisia Ukrainan
Ukrainan trantsizio gobernua eratuko dute, krisia amaitzeko
Gobernua eratzeko prozesuan parte hartu ahal izatea eskatu dute Maidan plazako manifestariek. Horren harian, Gobernu berriko kideek zenbait baldintza betetzea eskatu dute.
Erredakzioa
Parlamentuak gaur eratuko du Ukrainako trantsizio gobernua, joan den larunbatean Viktor Janukovitx presidentea kargutik kendu ondoren. Manifestariak hil izana egotzi diote, eta, horrenbestez, hura bilatu eta atxilotzeko agindua eman dute. Ukrainako albiste agentzia ofizialaren arabera, Krimeako penintsulan egon liteke ezkutatuta.
Trantsizio gobernu horretako lehen ministroa eta gainerako kideak nortzuk izango diren erabakitzeko, Parlamentuko taldeek bilerak egin zituzten atzo. "Premiazkoa da gobernua eratzea, ezin dugu gehiago atzeratu", adierazi du Bogdan Beniuk Svoboda alderdiko presidenteordeak.
Gobernua eratzeko prozesuan parte hartu ahal izatea eskatu dute Maidan plazako manifestariek ere. Gobernu berriko kideek zenbait baldintza betetzea eskatu dute gainera; Ukrainako 100 pertsona abertatsenen zerrendan ez egotea eta 2010etik (urte horretan iritsi zen Janukovitx boterera) Gobernuan lanik egin ez izana, besteak beste. Zazpi urteko esperientzia izatea (bost Defentsa eta Barne ministroen kasuan) edota ustelkeria eta giza eskubideen urraketa kasuetan nahastuta ez egotea ere jarri dute baldintza gisa.
"Hautagaiek baldintza hauek betetzen dituzten aztertuko dugu. Gobernu berri horretako kide guztiek Maidan plazaren oniritzia jaso beharko dute", adierazi dute manifestariek adostutako adierazpen batean.
Bestalde, Errusiak dagoeneko esan du gaur eratzekoa den trantsizio gobernuak ez duela inolako zilegitasunik.