Mundua -
Italiako Senatuan
Konfiantza eskatzen 'azken' lehen ministroa izatea espero du Renzik
Giorgio Napolitano Italiako presidenteak Gobernua osatzeko hautatutako Renzi azken pausoak ematen ari da, lehen ministro izendatu aurretik.
Erredakzioa
Matteo Renzi Italiako lehen ministroak astelehen honetan esan du Senatuaren konfiantza eskatzen duen azken lehen ministroa izatea espero duela, eta erreforma sorta bat egiteko asmoa iragarri du. Besteak beste, Senatua kentzea da aurreikusi dituen erreforma horietako bat.
Giorgio Napolitano Italiako presidenteak Gobernua osatzeko hautatutako Renzi azken pausoak ematen ari da, lehen ministro izendatu aurretik. Bere kabinetea (paritarioa, Italian lehen aldiz) aurkeztu ondoren, Alderdi Demokratako buruak konfiantza mozioa gainditu beharko du Senatuan eta Diputatuen Ganberan.
Senatuaren aurrean, Italian inoiz izan den lehen ministrogai gazteenak (39 urte ditu) Goi Ganberan agerraldia egiteko "adinik ez" duela esan du txantxetan, Gigliola Cinquettiren abesti ezagun bat gogoan hartuta, eta, hori dela eta, "txundituta" dagoela esan du.
Halere, 70 minutuko hitzaldian, gaur egun herrialdeak duen egoera zailari aurre egiteko erreforma ugari egiteko konpromisoa hartu du Renzik. "Hau ausardiaren garaia da", esan du Renzik, Il Corriere della Sera Italiako egunkariaren arabera.