Mundua -

Gobernu berria Italian

Matteo Renzik lehen ministro karguari zin egin dio

Berarekin batera zin egin dute Italiako Gobernu eraberritua osatuko duten 16 ministroek, 8 gizonezkok eta 8 emakumezkok.

Matteo Renzi, Giorgio Napolitano alde batera duela, karguaren zina egiten. Irudia: EiTB
Matteo Renzi, Giorgio Napolitano alde batera duela, karguaren zina egiten. Irudia: EiTB
Matteo Renzi, Giorgio Napolitano alde batera duela, karguaren zina egiten. Irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matteo Renzi Alderdi Demokratako (PD) buruzagiak Italiako lehen ministro karguari zin egin dio larunbat honetan Quirinale jauregian, Giorgio Napolitano Italiako presidentearen aurrean. Halaber, karguaren zina egin dute Gobernu eraberritua osatuko duten 16 ministroek, 8 gizonezkok eta 8 emakumezkok.

39 urte ditu Matteo Renzik eta Italian inoiz izan den lehen ministrorik gazteena da.

Renzik Giorgio Napolitano Italiako presidentearen aurrrean egin du zin. Pier Carlo Padoan Ekonomia ministro berria ez da zin egiteko ekitaldian izan bidaia batean delako. Dena den, gaur itzuliko da Italiara eta ekitaldi pribatu batean egingo du bere karguaren zina.

"Eskerrik asko zuen mezuengatik", idatzi du Renzik Twitter kontuan. "Aurretik dugun eginkizuna gogorra eta zaila da, baina Italia gara eta irabaziko dugu. Gure konpromisoa geure buruei leial izatea da", azpimarratu du.

Lehen ministro berriak Enrico Letta ordezkatu du karguan.

Gobernu berriaren osaketa

Atzo, Gobernu berria osatuko duten pertsonen zerrenda aurkeztu zion Renzik Napolitanori. Bilerak 2 ordu eta erdiko iraupena izan zuen, Italiako zenbait hedabideren arabera, Napolitanok hainbat ministro berriren aukeraketarekin ados ez zegoelako.

Ministro berrien bataz besteko adina 47 urtekoa da. Zin egin ondoren, lehen Ministro Kontseilua egingo dute. "Nire aurpegia jokatzen ari naiz, eta hori nire karrera baino garrantzitsuagoa da. Arriskatu egin gara, baina gogo handiz ari gara lanean", azaldu zuen atzo Renzik.

Ministroen izendapenaren harira, aipagarria da parekidetasun printzipioa kontuan hartu izana eta Italiaren historian lehen aldiz emakume bat izango dela Defentsa ministroa, Roberta Pinotti 52 urteko irakaslea, hain zuzen ere.

Ekonomia Ministerioa eta ministro kargua troikako adituen eta teknokraten esku utzi du, eta Pier Carlo Padoan izango da Ekonomia ministro berria. Ministro izan aurretik Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko kide izana da.

Renziren Gobernuak 5 ministerio gutxiago izango ditu, tartean, presidenteordearen kargua ezabatu du, eta horren ordez, Ministro Kontseiluko idazkariordetza bat eratu du.

Ministro Kontseilu berria PD alderdiko 10 ministrok, NCDko beste hiruk eta Mario Montiren SCko eta UDC alderdietako kide banak osatuko dute.

Astelehenean 14:00etan izango da Gobernu berriaren eta lehen ministro berriaren inbestidura saioa, eta ondoren Diputatuen Kongresutik igaro beharko dute.

Matteo Renzi hauteskundeak irabazi gabe Italiako lehen ministro izendatzen duten hirugarrena da, Mario Montiren eta Enrico Lettaren atzetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea