Mundua -
Italia
Gobernuaren osaketa larunbatean iragarriko du Renzik
Silvio Berlusconi lehen ministro ohiarekin bildu da goizean. "Lan ezin hobea egiteko baldintzak" ematen direla uste du Renzik.
Erredakzioa
Alderdi ezberdinetako ordezkariekin bilera-sorta amaitu ostean, Matteo Renzi Italiako lehen ministroak Gobernuko kideen berri emango du datorren larunbatean. "Lan ezin hobea egiteko baldintzak" ematen direla uste du Renzik.
Renzik azaldu duenez, Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearekin bilduko da bileretako emaitzen berri emateko. "Bihar programa idatziko dut", erantsi du.
Larunbatean Gobernua iragarri eta konfiantza mozioa "astelehenetik aurrera egitea eskatuko diet Senatuko eta Ganberako presidenteei", Renziren hitzetan. "Lan ezin hobea egiteko baldintzak ematen direla seguru nago", gaineratu du.
Bere Exekutiboak erreferentzia gisa Enrico Lettaren Gobernuari babesa eman zion gehiengoa izango duela esan du Renzik. Bestalde, egin beharreko erreformak zerrendatu ditu: "politikaren kostuen murrizketa, Konstituzioaren erreforma martxoan", apirilean enplegua, "maiatzean fiskoa eta administrazio publikoa eta gero Justiziaren antolakuntzarekin lotutako gai guztiak".
Bilera Berlusconirekin
Renzi Silvio Berlusconi lehen ministro ohiarekin goizean bildu da. Berlusconi Forza Italiaren ordezkaritzako buruzagi gisa joan da. Il Cavaliere-ren ahotan, Italiak "gobernagarritasuna behar du, herrialde gobernagarria bihurtu behar da".
"Enpleguaren, pentsioen eta Justiziaren" erreformetan "elkarrekin lan egiteko borondatea" agertu dio Berlusconik Renziri, ADNKronos albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Renzi Alderdi Demokratikoko ordezkaritzarekin bildu da, baina tentsio handiko unea Beppe Grillo M5S alderdiko buruzagiarekin bildu denean izan du.