Mundua -
Krisia Italian
Italiako Gobernu berria osatzeko eskaera onartu du Matteo Renzik
Orain, Renzi koalizioak sartuko diren gainerako alderdi politikoekin bilduko da eta, ondoren, Napolitanorekin batzartuko da berriro, bere azken erabakiaren berri emateko.
Erredakzioa
Matteo Renzi (39 urte) Alderdi Demokratako idazkariak "zenbait erreparorekin" onartu du Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako estatuburuak Gobernu berria osatzeko eskaera.
Orain, koalizioan sartuko diren gainerako alderdi politikoekin bilduko da Renzi, eta, ondoren, Napolitanorekin batzartuko da berriro, bere azken erabakiaren berri emateko.
Renzik berak bere egunean adierazi zuenez, datozen egunetan egingo ditu gainerako alderdi politikoekin bilera ofizialak.Gobernuak emango dituen hurrengo urratsak ere azaldu ditu Renzik: otsailean Hauteskunde Legea eta Konstituzioa erreformatzeko lanak amaitu nahi ditu Renzik, martxoan enplegua izango du helburu nagusi, apirilean erakunde publikoak, eta maiatzean, zerga-bilketa. Alderdi Demokratako buruak nabarmendu du bere lehentasun nagusia langabeziaren arazoa konpontzea izango dela.Gaur bertan joango da Florentziara, dimisioa emateko (bertako alkatea da) eta asteartean hasiko da Renzi bilera-sortarekin.