Mundua -
Krisia Italian
Napolitanok bukatu du Gobernua erabakitzeko bilera sorta
Edozein momentutan baieztatuko dute nork osatuko duen Gobernua, Lettak dimisioa aurkeztu eta gero. Litekeena da Matteo Renzi (39 urte) Florentziko alkatea aukeratzea.
Erredakzioa
Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidenteak bukatu du dagoeneko indar politikoekin hasitako bilera sorta eta espero da, egunean zehar, Gobernu berria osatuko duen izena jakinaraztea, Enrico Lettak dimisioa aurkeztu eta gero.
Lettak ostiralean aurkeztu zuen dimisioa, Alderdi Demokrata (PD) bere alderdiak Gobernu berri bat osatzeko Lettak egindako proposamena babesteari uko egin eta gero.
Litekeena da Giorgio Napolitanok Matteo Renzi (39 urte) Florentziko alkate eta PDren proposatutakoa aukeratzea Gobernu berria osatzeko.
Napolitanok, protokoloak agintzen duen bezala, ostiralean bertan abiarazi zuen bilera sorta Parlamentuko indarrekin eta Laura Boldrini eta Pietro Grasso Diputatuen Ganberako eta Senatuko presidenteekin, hurrenez hurren.
Napolitano alderdi nagusien buruekin bildu ondoren bukatutzat eman dute bilera-sorta.
Napolitanok (88 urte) aurre egindako Gobernu-krisietan, beti izan du gaua lagun eta biharamunetan eman du erabakien berri baina, larrialdiak bultzatuta, erabakia edozein momentutan jakinaraztea espero da.
Bepe Grilloren protesta
5 Izar Mugimendua (M5S) alderdiak, Bepe Grillok gidatuta, elkarretaratze bat egin zuen atzo, larunbata, Diputatuen Ganberaren aurrean Lettaren dimisioaren ostean sortutako krisiaren kudeaketagatik protesta egiteko.
M5S 'kasten' politika eta politika tradizionalaren kontrakoa izateagatik da ezaguna; atzo arbuiatu zuen Napotianok abiarazitako bilera-sortan parte hartzea, protesta egiteko modu bat baita eurentzat.