Mundua -
Istiluak
Hainbat hildako eta zauritu, Venezuelako oposizioaren protestetan
Berez, baketsuak izan behar ziren manifestazioak, baina liskar gogorrak gertatu dira. Hildakoetako bat Chavezen aldeko Urtarrilak 23 taldeko kidea zen.
Erredakzioa
Gutxienez hiru pertsona hil dira Caracasen eta Venezuelako beste hiri batzuetan oposizioko taldeek Nicolas Maduroren Gobernuaren kontra deitutako protestetan. Presidenteak salatu du "agerraldi nazi-faxista" batek eragin dituela istiluak, eta oposizioaren jarraitzaileek bermeak urratzea leporatu diote.
Printzipioz, baketsua izan behar zuen manifestazioa egin dute Caracas erdigunean Maduroren politikaren eta egoera ekonomikoaren kontra, baina liskar gogorrak izan dira eta bi pertsona hil dira bertan. Hirugarren pertsona bat, Chavezen aldeko Urtarrilak 23 taldeko kidea, hil da Chacao herrian, eta "legez kanpoko" taldeen ekintza bat izan dela salatu du Ramon Muchacho alkateak.
Gainera, 23 pertsona zauritu eta 25 lagun atxilotu dituzte herrialde osoan izan diren protesta ekitaldietan.
Madurok gogor gaitzetsi du indarkeria, eta horien atzean egile materialak eta intelektualak daudela azpimarratu du.
"Venezuelan agerraldi nazi-faxista bat pairatzen ari gara, eta mendean hartu beharra dugu. Ez da estatu-kolperik izango Venezuelan, egon zaitezte ziur, mundu osoak jakin dezala", gaineratu du.
Henrique Capriles oposizioko presidentegai ohia oposizioaren indarkeriaren kontra agertu da, baina argi adierazi du ekintza horiek ezin diotela protesta baketsuaren eraginari kalte egin.