Mundua -

Estatu kolpearen ostean

Konstituzio berria bozkatzen hasi dira Egipton, erreferendumean

Testu berriak leundu egiten du kutsu islamiarra, eta indar handiagoa ematen die Indar Armatuei.

Egiptok lehen konstituzioa bozkatuko du referendumean

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoarrak Armadak sustatutako Konstituzio berria bozkatzen hasi dira gaur goizean, erreferendumean. Ezustekorik ezean, baiezkoak aise irabaziko du, baina zalantza nagusia parte-hartzea da, litekeena txikia izatea baita.

Orotara, 52,7 milioi herritar daude gaur eta bihar bozkatzera deituta, 30.337 hauteslekutan.

Ezetzaren aldeko deiak oso ahulak izan dira, eta Armadak irmo zapaldu ditu. Anaia Musulmanek, gainera, boikota egin dute, eta, horregatik, Konstituzioaren aurkakoak etxean geratuko dira segur aski.

Horrenbestez, erreferendumaren gakoa parte-hartzea izango da, eta norabide horretan jarri ditu ahalegin handienak Gobernuak.

Oraingoz, atzerritik jasotako botoak urriak izan dira, parte-hartzea txikia izango den erakusle. Izan ere, atzerrian bozkatzeko eskubidea duten 700.000 egiptoarretatik, 103.000k baino ez dute bozkatu. % 15ek baino ez.

Agintarien helburua duela urtebeteko erreferendumean jaso zen % 33a gainditzea da, eta islamiarrei bozkatzera joanez aurre egiteko deia egin dute.

Beldur handiena balizko atentatuak dira, eta, beraz, 160.000 militar kalera atera dira, segurtasuna bermatzeko.

Konstituzio berriaren berrikuntza nagusiak

Testu berriak 247 artikulu ditu, leundu egiten du kutsu islamiarra, eta indar handiagoa ematen die Indar Armatuei. Dena dela, aurreko Konstituzioarekin alderatuz gero, ezberdintasunak ez direla oso handiak azaldu dute adituek.

Artikulu polemikoenak 234. eta 236. artikuluak dira. Lehenengoaren arabera, Indar Armatuek hautatuko dute Defentsa ministroa, eta bigarrenak zibilen aurka ere epaiketa militarrak egiteko aukera emango die, Armadaren aurkako erasoetan nahasita badaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea