Mundua -
Sacyr
Kanalaren lanak betetzea eskatuko die Panamak Espainiari eta Italiari
Panamako presidenteak bidaia egingo du Espainiara eta Italiara, bertako gobernuei kontratua betetzea ''exijitzeko''. Sacyr enpresak Panamako Kanala handitzeko lanak gelditu ditu, gainkostuengatik.
Erredakzioa
Ricardo Martinelli Panamako presidenteak bidaia egingo du Espainiara eta Italiara, bertako gobernuei Panamako Kanala handitzeko lanen kontratua bete dadin exijitzeko. Izan ere, Kanaleko Batasuna taldeak (GUPC), Sacyr Vallehermoso espainiarra eta Impregilo italiarra buru dituen partzuergoak, adierazi duenez, Panamako Kanala zabaltzeko lanak bertan behera uzteko asmoa du, beroietan sortu diren gainkostuak direla eta.
Martinelliren hitzetan, ''erantzukizun morala'' dute Italiako eta Espainiako gobernuek, 2009an bi herrialdeetako presidenteek beren babesa agertu baitzioten proiektuari. Urte hartako uztailean jaso zuen enpresa taldeak lanak egiteko kontratua.
"Garai hartako Espainiako eta Italiako gobernuek ziurtatu zigutenez, proiektuak bi gobernuen erantzukizun solidarioa zuen'', esan du Martinellik, Reuters agentziak jasotzen duenez.
Pastor, bitartekari lanetan
Ana Pastor Espainiako Gobernuko Sustapen ministroa elkarrizketak abiatu ditu Panamako Gobernuko ordezkariekin eta Sacyr enpresako buruekin, bitartekari lanak egin eta gatazkari ''irtenbide onena'' aurkitzeko.
Sacyr enpresak lanak gelditu ditu
GUPCk hirugarren esklusa multzoa eraikitzeko lanak bertan behera utziko dituela jakinarazteko oharra bidali dio dagoeneko Panamako Kanaleko Agintaritzari (ACP), eta "kontratua bete ez izana" leporatzen die bertan enpresa taldeak Kanalaren kudeatzaileei.
Oharrean esaten dutenaren arabera, partzuergoak "ezin du Panamako legeen eta kontratuaren arabera enplegatzaileak bere gain hartu beharko lituzkeen 1.600 dolarreko gainkostuak izango dituen lana egiten jarraitu. GUPCk hainbat proposamen zehatz bidali dizkio Kanaleko Agintaritzari horiek saihesteko, haien esanetan, baina gaur arte ez dute beroriek eztabaidatzeko inolako asmorik agertu".
2.243 milioi euroko zabaltze lan horiek ingeniaritza zibileko inoizko proiektu handienetakoa da.