Mundua -
Atentatuak Errusian
30 hildako baino gehiago Errusian, 24 ordutan izandako bi atentatutan
Trolebus baten barruan jazo da eztanda, goizean. Hildako kopuruak gora egin liteke. Vladimir Putinek segurtasun neurriak handitzea agindu du.
Erredakzioa
Gutxienez 15 pertsona hil eta 20 baino gehiago zauritu dira gaur, astelehena, Volgogrado Errusiako hirian bonba bidezko atentatu berri batean. Gaurko hildakoei atzokoak gehitu behar zaizkie, 'alargun beltz' suizida batek (segurtasun indarren kontra hildako Ipar Kaukasoko milizianoen emazteak) bonba bat lehertarazi zuen hiriko tren geltokian; 17 pertsona hil ziren bertan, eta 45 inguru zauritu.
Ipar Kaukasoko gerrillako buruzagiek Neguko Joko Olinpikoak oztopatzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu zieten euren jarraitzaileei; Jokoak Sochi hirian inauguratuko dituzte sei aste barru.
Gaur hildako lagunen kopurua hazi liteke, zauritutakoen artean sei oso larri daudelako, Errusiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Zauritutakoen artean bospasei hilabeteko haurtxoa dago.
Errusiako agintariek, momentuz, ez diete atentatuok inori leporatu, baina argi dutena da biak lotuta daudela.
"Bi lehergailuetako metraila berdina zen, horrek baieztatzen du bi atentatuak elkar lotuta daudela. Baliteke bi bonbak leku berean egin izana", Vladimir Markin Errusiako Instrukzio Batzordeko bozeramalaren esanetan.
Errusiako telebista kate publikoak azaldu duenez, eztanda 08:30ean (05:30, Euskal Herrian) jazo da trolebus batean, eta guztiz suntsituta geratu da.
Ikertzaileen arabera, gizonezko bat izan da oraingoan bere burua zartarazi duena. "Gorpuaren zati batzuk laborategi batera eraman dituzte, ADN frogak egin eta identifikatzeko", adierazi du Vladimir Markin Errusiako Instrukzio Batzordeko bozeramaileak.
Volgogradon izandako bi atentatuen ostean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak segurtasun neurriak indartzea agindu du.
Moskuko Udalakere segurtasun neurriak handitu ditu. "Garraiobideetan segurtasun neurri osagarriak hartu eta larrialdietako zerbitzuak indartu ditugu", jakinarazi du Serguei Mayorov Moskuko Udaleko Segurtasun Saileko prentsaburuak. Jendetza dabilen lekuetan ipiniko dute arreta, baita garraiobide publikoetan ere.