Mundua -
Eskoziako independentzia
Eskozia berehala EBtik at geratuko litzatekeela ohartarazi du Almuniak
Datorren urteko erreferendumean 'ezezko' botoa ematea eskatu die Europako Batzordeko presidenteordeak Eskoziako boto-emaileei.
Erredakzioa
Eskoziak independentzia lortuko balu "minutu bat geroago" EBtik kanpo geratuko litzatekeela ohartarazi du gaur Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteordeak. Datorren urteko erreferendumean 'ezezko' botoa emateko eskatu die.
Eskoziaren independentziaz galdetu diote presidenteordeari Europako Parlamentuko Gai Ekonomikoetarako batzordean egindako agerraldian. Almuniak ez du zuzenean erantzun nahi izan, eta buruzagi "arduratsu" batek "europar guztien izenean" esan beharko lukeena azaldu du.
"Berandu izan baino lehen, eskoziarrak independentziaren aurka bozkatzen animatu beharko lituzke" pertsona horrek, Almuniaren hitzetan.
"Zoritxarrez, emaitza independentziaren aldekoa izango balitz, baiezkoaren alde daudenek minutu bat geroago EBko kideak ez direla ulertuko lukete", erantsi du.