Mundua -
Forza Italia
Berlusconiren alderdiak Gobernuko koalizioa utzi du
Hala ere, Lettaren Exekutiboak Berlusconiren alderdi zaharraren zatiketatik ateratako taldearen babesa mantentzen du. Taldeko 30 senatariek Gobernuaren egonkortasuna bermatzen dute.
Erredakzioa
Forza Italia alderdi kontserbadoreak, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren alderdiak, Enrico Letta sozialdemokrataren Gobernua babesten duen koalizioa utziko duela iragarri du. Alderdiak 2014ko aurrekontu orokorretan desadostasunak argudiatu ditu erabakia hartzeko.
Renato Brunetta eta Paolo Romani Forza Italiako bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Erroman. Alderdiak Lettari babesa ematen dion koalizioa utzi behar duela iragarri dute.
Hala ere, Lettaren Exekutiboak Berlusconiren alderdi zaharraren zatiketatik ateratako taldearen babesa mantentzen du. Angelino Alfano lehen ministrordearen Zentro Eskuin Berriaren 30 senatariek Gobernuaren egonkortasuna bermatzen dute. Zentro ezkerrak ez du gehiengoa ganberan.
"Forza Italia gehiengo parlamentarioaren barruan eta Gobernuarekin lankidetzan jarraitzeko baldintzarik ez da ematen dagoeneko", adierazi du Romanik. Senatuko agerraldia zuzenean eman du Italiako telebistak.
Forza Italiaren erabakia astearteko bozketan, Senatuan, gauzatuko da; izan ere, Berlusconiren parlamentariek ez dituzte 2014ko aurrekontu orokorrak babestuko. Forza Italiak 66 senatari ditu eta "ezezko" boza iragarri dute.