Mundua -
Eskoziako independentzia
Independente izateko Eskoziak duen 'gaitasuna' defendatu du Salmondek
Independentziaren Liburu Zuria aurkeztu du Eskoziako lehen ministroak, independentzia lortzeko urratsak azaltzen dituen dokumentua.
Erredakzioa
Eskoziak independente izateko 'gaitasun handia' duela defendatu du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. Independentziaren Liburu Zuriaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Salmondek.
2014ko erreferendumean 'baietz'ak irabaziko balu, 2016ko martxoaren 24an estatu independente izango litzateke Eskozia. Egoera horrek, Salmonden hitzetan, Eskoziak eskura dituen aukera guztiak garatzeko aukera izango luke, dituen baliabide energetiko ugariak kontuan hartuta.
Liburu Zuriak 670 orrialde ditu eta 'Eskoziaren etorkizuna. Estatu independente baterako gida' du izena. Dokumentuaren arabera, independentziarekin herrialde "demokratikoagoa, aberatsagoa eta justuagoa" izango litzateke Eskozia.
Nicola Sturgeon gobernuko bigarrengoarekin egin du agerraldia. Sturgeonen hitzetan, "Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren esku dago".
"Eskozia herrialde arrakastatsu bat egiteko badugu jendea, badugu gaitasuna, baita baliabideak ere", erantsi du Salmondek.
Libera britainiarrarekin, Erreginarekin eta EBko kide izanez
Bost ataletan banatuta dago Liburu Zuria eta 650 galderari erantzuten dio, hala nola, estatu independenteak edukiko lituzkeen txanpona, erregimen fiskala, hezkuntza eta ongizate estatuaren eredua edo defentsa baliabideak zerrendatzen ditu.
Hori horrela, dokumentuan zehazten denez, libera britainiarrari eta erregina edukitzeari eutsiko lioke Eskozia independenteak. Europar Batasuneko kide izaten jarraituko luke baina bere defentsa ministerioa eta zerga sistema propioa izango lituzke.
Salmondek zehaztu duenez, eskoziarren zergak ez dituzte programa nuklearretan xahutuko eta Erresuma Batuen misil nuklearrak Eskoziatik kenduko dituzte.