Mundua -

Ipar Irlandako gatazka

Hilketen ikerketak amaitzea proposatu du Ipar Irlandako fiskalburuak

Hain zuzen ere, 1998. urteko bake-akordioa sinatu baino lehen jazotako hilketen ikerketak bertan behera uztea eskatu du.

John Larkin Ipar Irlandako fiskalburua.
John Larkin Ipar Irlandako fiskalburua.
John Larkin Ipar Irlandako fiskalburua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Larkin Ipar Irlandako fiskalburuak 1998. urtean Ostiral Santuko bake-akordioa sinatu baino lehen jazotako hilketen ikerketak eta auzipetzeak bertan behera uztea proposatu du, hedabide britainiarrek jakinarazi dutenez.

Neurriak 30 urteko gatazkan jazotako eta oraindik epaitu gabe dauden hilketa guztiak zigor gabe uztea ekarriko luke, hau da, praktikan, amnistia baten antzekoa izango litzateke.

Hogeita hamar urte horietan, IRAk, Poliziak eta talde paramilitarrek 3.500 pertsona hil zituzten.

Proposamenak hautsak harrotu ditu biktimen artean, eta Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP) fiskalburuak Ipar Irlandako Gobernuarekin hitz egin ez duela deitoratu du.

"Jakin badakit [Peter Robinson] nire alderdiko buru eta Ipar Irlandako lehen ministroak ez lukeela inoiz amnistia babestuko, oso argi dugu", adierazi du Jeffery Donaldson diputatuak, BBCn egindako adierazpenetan.

Richard Haass diplomazialari estatubatuarra akordio politiko bat negoziatzen ari da Ipar Irlandan, bake-prozesuan konpondu gabe geratu ziren kontuen inguruan, eta fiskalburuaren proposamena ahalegin horren baitan etorri da.

Larkinek ukatu egin du neurriak "amnistia formala" ekarriko duela, eta "Ostiral Santuko akordioen ondorio logikoa" dela gaineratu du. Izan ere, entregatutako armak ezin direla prozesu judizialetan froga gisa erabili adostu zuten, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea