Mundua -

Hondamendi naturala

'Haiyan' tifoiak 2.344 hildako utzi ditu Filipinetan

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Leyte eskualdeko Alangalang hirian, milaka pertsona arroz bila biltegi batean indarrez sartu direnean horma bat gainera erorita.

'Haiyan' tifoiak Filipinetan utzitako hondamendia. Argazkia: EiTB
'Haiyan' tifoiak Filipinetan utzitako hondamendia. Argazkia: EiTB
Cebu irlatik Taclobanera banatzen dute laguntza

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Haiyan' tifoiak 2.344 hildako eta 3.804 zauritu utzi dituela iragarri du Filipinetako Gobernuak, Hondamendien Arriskua Kudeatzeko eta Murrizteko Zentro Nazionalaren azken datuen arabera.

Eskualdeka, VIII. eskualdea da kaltetuena. Bertan, 1.660 hildako izan dira; 1.298, Leyten, gunerik kaltetuenean. Azken horietako 244, gainera, Leyte eskualdeko hiriburuan, Tacloban hirian, aurkitu dituzte.

Tifoiak 6.937.229 kaltedun utzi ditu Filipinetan, eta kaltedunetatik 582.303 babeslekuetara eraman dituzte. Datu ofizialen arabera, 79.000 etxebizitza txikitu ditu tifoiak eta 70.000 kaltetu dira.

Benigno Aquino presidentearen esanetan, 2.000-2.500 pertsona hil dira, ez 10.000, tifoia igaro osteko lehen orduetan zabaldu bezala. Halere, hainbat komunitatetara oraindik ezin izan direla iritsi esan du Aquinok; hortaz, zenbaketa ez da amaitu.

Gobernuak onartu egin du arpilatzeak izan direla, baina Tacoblanen segurtasuna bermaturik dagoela nabarmendu du. Segurtasun indarrek Taclobanen egoera "kontrolpean" dutela ziurtatu du Voltaire Gazmin Defentsa ministroak. Taclobanen eta beste herri batzuetan arpilatzeak izan direla esan du Presidentetzaren bozeramaile batek, baina ukatu egin du talde antolatu batek egin izana. Etsi-etsian aritu diren herritar batzuek egin dituzte arpilatze horiek negozio batzuetan, Ricky Caradang Komunikazio Garapenerako Bulegoko ordezkariaren iritzian.

Zortzi hildako, biltegi batean

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Leyte eskualdeko Alangalang hirian, milaka pertsona arroz bila biltegi batean indarrez sartu direnean horma bat gainera erorita.

Rex Estoperez Elikadurarako Agintaritza Nazionaleko bozeramaileak azaldu duenez, biltegiko horma bat erori egin da eta biktimak harrapatuta geratu dira. Guztira, 100.000 zaku arroz eraman dituzte, eta Poliziak eta soldaduek ezin izan dute ezer egin hori saihesteko.

'Haiyan' tifoiak Filipinetako erdialdea txikitu zuen asteburuan, eta janaria, edateko ura eta sendagaiak zailtasun handiz iristen ari dira Samarrera, Leytera eta Cebu iparraldera, gune kaltetuenetara.

Milaka pertsonako ilarak sortu dira laguntza taldeak banatzen ari diren arroza eta ura jasotzeko.

Gasolindegietan, militarrak eta segurtasuna bermatzeko pertsona armatuak daude, baina, hala eta guztiz ere, zailtasunak izan dituzte herritarrak kontrolatzeko.

3. mailako hondamendia

Munduko Osasun Erakundeak 3. mailako hondamendi izendatu du zonaldea, 'Haiyan' tifoiak bertan eragindako kalteak ikusita.

Erakundeak behin-behineko ospitaleak, medikuak eta sendagaiak bidali ditu Filipinetara.

Nazioarteko laguntza

NBEko agentziek 225 milioi euro eskatu dituzte, Filipinetan 'Haiyan' tifoiaren kalteak jasan dituztenei laguntzeko. NBEko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, bestalde, 24 milioi dolar eskatu dizkio nazioarteari, nekazaritzan eta arrantzan izandako kalte larriei aurre egiteko.

Andris Pielbags Europako Garapenerako komisarioak iragarri duenez, beste hamar milioi euroko laguntza bat bideratuko dute hondamendiaren kalteak jasan dituztenei laguntzeko. Laguntza berri hori asteburuan iragarritako hiru milioi euroko premiazko diru-laguntzari batu zaio.

Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, datozen egunetan diru-laguntzak lortzeko deialdia jarriko du martxan. Horrela, gobernuz kanpoko erakundeek ekintza humanitarioak abiatuko dituzte Filipinetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea