Mundua -

Hondamendi naturala

Filipinetako Gobernuak hondamendi egoera ezarri du tifoiaren ondorioz

Gutxienez 10.000 pertsona hil dira Filipinetako Leyte eskualdean, bertako poliziaburuak adierazi duenez. Tifoiak gutxienez 9,5 milioi pertsona kaltetu dituela uste du Filipinetako Caritasek.

‘Yolanda’ Txina Hegoaldeko Itsasoan zehar doa, Vietnam bidean.
'Yolanda' Filipinetan
Haiayan tifoia Vietnam eta Txinara doa

3:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benigno Aquino Filipinetako presidenteak hondamendi egoera deklaratu du Filipinetan, 'Haiyan' tifoiak eragindako kalteei aurre egiteko. Deklarazio horri esker, Filipinetako Gobernuak gehieneko prezioak ezarri ahalko dizkie premiazko gaiei, eta horiek kontrolatu ahalko ditu, jendeak ondasunak (sendagaiak eta petrolioa, esaterako) pilatu ez ditzan.

'Haiyan' tifoia ('Yolanda' izena jarri diote bertan) Vietnam iparraldera iritsi da, orduko 100 kilometrotik gorako haize-boladekin. Tifoia goizaldean sartu da Nam Dinh eta Quang Ninh eskualdeetatik (bertan dago Ha Long badia), eta iparraldera egin du Hego Txinako itsasorantz, Than iNEN egunkariak argitaratu duenez.

'Haiyan' tifoia dela eta, gutxienez 10.000 pertsona hil dira Filipinetako Leyte eskualdean, bertako poliziaburuak, Elmer Soria superintendenteak, adierazi duenez. Bertatik inoiz igaro den tifoirik indartsuenetakoa izan da.

"Bilera izan genuen bart Leyteko gobernadorearekin eta beste funtzionario batzuekin. Gobernadoreak bertan esan zuenez, bere datuen arabera, 10.000 pertsona hil dira", adierazi du Soriak.

Superintendentearen arabera, tifoia igaro den zonaldearen % 70-80 suntsituta dago. Izan ere, euri-zaparrada gogorrek eta ekaitz indartsuek argindarraren hornidura-mozketak, lur-jausiak eta uholdeak eragin dituzte, eta eraikinak, zuhaitzak eta azpiegiturak suntsitu dituzte.

"Suntsipena oso handia da", Leyteko poliziaburuaren esanetan. Eskualde horretan orduko 275 kilometroko haizeak eta sei metrorainoko olatuak izan dira. Tifoiak 5. kategoria harrapatu du, altuena.

Samar uhartean, herrialdearen ekialdean, gutxienez 300 pertsona hil eta 2.000 inguru desagertu dira. Kaltetu guztiak 20.000 biztanle dituen uhartearen mendebaldeko Basey hirikoak dira, Samarreko hondamendien kudeaketarako kontseiluko kide Leo Dacaynosen arabera.

"Tsunami bat bezalakoa"

Filipinetako Barne ministroa, Manuel Roxas, tifoiaren ondorioz kalte handienak jasan dituen hirian izan da, Taclobanen, alegia.

"Helikoptero batetik ondo ikus daiteke hondamendia zenbaterainokoa izan den. Kostatik kilometro batera, ez dago egitura bat bera ere zutik", azaldu du Roxas ministroak.

"Tsunami bat bezalakoa izan zen. Ezin dut deskribatu ikusi dudana. Izugarria da", adierazi du Barne ministroak. Era berean, janari eta ur bila dendak arpilatzen dituzten biztanleak gelditzeko, segurtasun indarrak bidaliko dituela iragarri du.

Orain, agintariek gorpuak berreskuratu nahi dituzte, eta bizirik atera direnei laguntza humanitarioa eskaini. "Hildakoak daude kaleetan, etxeetan, hondakinen azpian, toki guztietan", adierazi du Taclobaneko alkateak, Tecson John Limek.

Bizirik atera direnei laguntzeko NBEko Larrialdi Funtsetik 18,6 milioi euro baino gehiago bideratuko dituztela jakitera eman du Valerie Amos Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioetarako idazkariak.

Balantze ofiziala

Filipinetako Gurutze Gorriaren kalkuluen arabera, gutxienez 1.200 hildako utzi ditu 'Yolanda' tifoiak. Balantze ofizialak, aldiz, 151 pertsona hil, 23 zauritu eta bost desagertu direla jaso du orain arte, Hondamendien Arriskua Kudeatzeko eta Murrizteko Kontseilu Nazionalaren arabera (NDRRMC).

Erakunde horren esanetan, 4,4 milioi filipinarri egin die kalte tifoiak, eta milioi asko beharko dituzte etxe, eraikin eta azpiegituretan eragin dituen kalteei aurre egiteko.

Filipinetako erdialdea eta hegoaldea suntsitu ostean, 'Yolanda' Txina Hegoaldeko itsasorantz abiatu da, Vietnam aldera. Jada jendea etxeetatik ateratzen hasi dira bertan.

Tifoiak gutxienez 9,5 milioi pertsona kaltetu dituela uste du Filipinetako Caritasek. "Ez dute argindarrik, ezta edateko urik ere, eta elikatzeko zailtasun handiak dituzte", azaldu du Caritasek.

Hiru milioi euroko laguntza Europatik

Europako Batzordeak gaur jakinarazi duenez, hiru milioi euroko larrialdiko diru-laguntza emango die Filipinei, tifoiak eragindako hondamenari erantzuteko "premiazko laguntza" gisa.

EBk adierazpen batean zehaztu duenez, diru kantitate hori zonalde kaltetuenetako laguntza zerbitzuentzat ekarpen garrantzitsua izatea espero du.

"Munduan izan den zikloirik indartsuenetakoa da hau", adierazi du Laguntza Humanitariorako komisario europarrak, Kristalina Georgievak. Suntsipen horren aurrean, "oso atsekabetuta" dagoela azaldu du, eta doluminak igorri dizkie biktimen senide eta lagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea