Mundua -

Espioitza masiboa

Nor zelatatu du NSAk?

NSAk zelatatutako pertsona eta erakundeen zerrendak ez du amaierarik: eguna joan eguna etorri, luzeagoa da. AEBetako agentziak, halere, ukoan jarraitzen du temati.

Keith Alexanxder NSAko zuzendaria. Argazkia: Efe.
Keith Alexanxder NSAko zuzendaria. Argazkia: Efe.
Keith Alexanxder NSAko zuzendaria. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NSA AEBetako Segurtasun Nazionaleko Agentziak zelatatutakoen zerrenda gero eta handiagoa da, hedabideetan egunero-egunero irakurtzen dugunez. Hauek dira espioien helburu garrantzitsuenak, Edward Snowden Agentziako analista ohiak argitara ateratako datuen arabera. Keith Alexander Agentziako zuzendariak dena ukatu du behin eta berriz.

Herritar anonimoak

NSAk 60 milioi dei espiatu zituen, Espainian, hilabete bakarrean; Frantzian, 70 milioi izan ziren, eta Italian 46 milioi. Estatubatuar agentziak berak aitortu duenez, CNIk eta inteligentzia zentroek lagundu zioten datuak biltzen.

Nazioarteko agintariak

Zerrenda luzea da. Snowdenen paperen arabera, nazioarteko 35 agintariren komunikazioak atzeman dituzte; besteak beste, hauek zelatatu ditu, informazio horien arabera, NSAk: Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Hugo Chavez Venezuelako presidente zena, Dilma Rousseff Brasilgo presidentea eta Felipe Calderon Mexikoko presidente ohia.

Gobernuak

AEBetako inteligentzia agentziak Venezuela, Ipar Korea, Txina, Errusia, Iran eta Irak ditu helburu "epe luzean". Herrialde gehiagori begira ere ari dira AEBetako espioiak, nolanahi ere: Frantzia, Alemania, Espainia, Belgika, Italia, Txekiar Errepublika, Suitza eta India.

Elkarte eta taldeak

Vatikanoa. 'Panorama' italiar aldizkariak argitaratutako informazioaren arabera, NSAk Frantzisko aita santuaren hainbat elkarrizketa entzun zituen.

NBE. Barack Obama AEBetako presidenteak agindu zuen NBEko diplomaziako kideak eta erakunde horrek New Yorken duen egoitza espiatzeari uzteko, 2010ean Wikileaksek hainbat dokumentu argitara atera eta gero.

FARC. Antza denez, NSAk Orlandocard operazioa martxan jarri zuen, Kolonbiako Gobernuari FARCeko kideak non zeuden eta zer asmo zituzten jakinarazteko, eta Honeypot sistema informatikoa sortu zuen. Baliabide horrekin, "gerora interesa izan zezaketen" mila mezu elektroniko atzeman zituen.

Interneteko enpresak: biktimak edo laguntzaileak?

Ez dago argi Google, Yahoo, Facebook, Microsoft eta Apple enpresek NSAren Prism programari milaka metadatu emanez lagundu ote zioten edo agentziak berak hartu ote zituen metadatuok enpreson datu baseetan sartuz. Enpresek ukatu egin dute, baina, Snowdenen paperetan agertzen denez, konpainiek "ezinbesteko" laguntza eman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea