Mundua -

Espioitza AEBetan

NSA Google eta Yahooren zerbitzarietan sartu zela salatu dute

Keith Alexander AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionaleko buruak 'Washington Post'ek zabaldu duen informazio hori ezeztatu du, eta hori egiteko baimenik ez dutela adierazi du.

Espioitzaren aurkako protestak, Washington hirian. Argazkia: Efe.
Espioitzaren aurkako protestak, Washington hirian. Argazkia: Efe.
Espioitzaren aurkako protestak, Washington hirian. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NSA AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionala Yahoo eta Google konpainia teknologikoen datu-zerbitzarietara sartu zela iragarri du The Washington Post egunkariak, espioitza jarduera horien berri duten pertsonak eta Edward Snowden agentziako langile ohiak argitara atera zituen dokumentuak aipatuta. Bi enpreson ordezkaritza nagusiak eta mundu osotik zabalduta dituzten zentroak batzen dituzte zerbitzari horiek.

Agerkariak informazioa publikatu eta minutu batzuetara, Keith Alexander jeneralak, NSAren buruak, Agentzia datu-zerbitzarietara sartu izana gezurtatu du. "Ez dut informazio horren berri", esan du NSAk Google eta Yahoo enpresen zerbitzarietarako sarbiderik ez duela ziurtatu eta gero.

Agentziak horrelakoak egiteko "baimenik" ez duela azpimarratu du jeneralak; izan ere, jarduera horiek gauzatzeko, "prozesu judizial bat" hasi behar da.

Washington Post-en arabera, Google eta Yahooren zerbitzarietara sartuta, NSAk enpresa hauen ehunka mila bezeroren –"horietako asko, estatubatuarrak", nabarmendu du egunkariak– datuak jasotzeko lehen urratsa egin du. Kazetarien idatziak dioenez, AEBetako inteligentzia erakundeak ez ditu jasotako datu guztiak biltzen, "baina asko gordetzen ditu".

Hedabideen eskuetara heldu den NSAren dokumentuan, "informazio gehiegi prozesatzeko" arazo andana bat izan duela azaltzen du Agentziak, eta horiei zer ebazpen eman dieten ere aipatzen da.

2013ko urtarrilaren 9ko dokumentua sekretu handikotzat gordeta dago, eta Agentziak egunero Yahooren eta Googleren biltegietatik Fort Meadeko egoitza nagusira bederatzi milioi erregistro bidaltzen dituela dio.

Urtarrilaren 9 hori heldu aurreko 30 egunetan, 181.280.466 datu berri prozesatu eta berbidali ziren, metadatuak (bidalketaren nondik norakoak, igorlea eta hartzailea) eta edukiak (testuak, audioak eta bideoak) kontuan hartuta. Informazio hori antolatzeko, NSAk Muscular izeneko programa bat erabiltzen du, Erresuma Batuko Komunikazioetarako Gobernu Bulegoarekin elkarlanean.

The Washington Post-ek nabarmendu duenez, "harrigarria da oso" NSA Googleren eta Yahooren zerbitzarietan sartu izana, Prisma programari esker, bi konpainia horien bezeroen kontuetako datuak erabiltzeko modua baitzituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Google albisteak