Mundua -
Espioitzaren krisia
Merkel zelatatzen zutela jakinda, txosten gehiago eskatu zituen Obamak
Espioitzaren berririk ez zuela bermatu zion AEBetako presidenteak Alemaniako kantzilerrari, eta, jakin izan balu, bertan behera utziko zukeela.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren eskuko telefonoa zelatatzen ari zirela jakinarazi zion AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) Barack Obamari 2010ean, Bild am Sonntag Alemaniako egunkariak gaurko alean dakarrenez. Hala ere, Obamak ez zuen programa hori bertan behera utzi, eta, are gehiago, Merkelen gaineko txosten gehiago eskatu zituen.
Egunkari alemaniarraren arabera, Keith Alexander NSAko zuzendariak berak hitz egin zuen Obamarekin.
Espioitzaren berririk ez zuela bermatu zion AEBetako presidenteak Alemaniako kantzilerrari asteazkenean, eta, jakin izan balu, bertan behera utziko zukeela.
Datozen egunetan Alemaniak "goi mailako" ordezkaritza bat bidaliko du AEBetara Etxe Zuriaren eta inteligentzia zerbitzuen gaineko informazioa eskuratzeko.
"Espiatzea delitua da eta arduradunek erantzun egin beharko dute", nabarmendu du Hans-Peter Friedrich Alemaniako Barne ministroak Alemaniako Bild am Sonntag egunkariari eskainitako elkarrizketan. Udan AEBek alemaniarrei eta Europar Batasuneko gobernuei eta erakundeei zelatatu zietela argitaratu zen egunkarietan, eta Barne ministroa Washingtonera joan zen Obamaren administrazioko kideekin elkarrizketatzeko.
"Estatubatuarrek Alemanian telefonoak pintxatu badituzte Alemaniako legedia urratu dute, eta hori onartezina da", nabarmendu du Friedrichek.
AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak Merkelek uztailera arte erabili zuen eskuko telefonoa zelatatzeaz gain, udaz geroztik erabiltzen hasi den "telefono segurua" ere zelatatu du, Bild am Sonntag egunkariaren arabera.
Der Spiegel Alemaniako astekarian dakarrenez, Merkelen eskuko telefonoan 2002az geroztik dago AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalaren zerrendan, hain zuzen ere, Merkelek hauteskundeak irabazi baino hiru urte lehenagotik.