Mundua -
Espioitza
Ehunka milioi kontaktu-zerrenda biltzea leporatu diote NSAri
Izenak eta helbide elektronikoak ez ezik, telefono zenbakiak, posta helbideak eta familiaren eta negozioen inguruko informazioa ere ageri da zerrenda horietan.
Erredakzioa
AEBko Segurtasun Nazionaleko Agentziak (NSA) ehunka milioi kontaktu-zerrenda bildu zituen mundu osoan (posta elektroniko pertsonalak eta bat-bateko mezuen zerbitzuetakoak), The Washington Post egunkariaren arabera.
Informazioa Edward Snowden NSAko teknikari ohiak emandako dokumentuetan oinarrituta dago. Bertan azaltzen denez, NSAk programa berezi bat dauka kontaktu-zerrendak antzemateko, mezuak nazioarteko esteken bitartez mugitzen direnean.
'On line' zerbitzuek informazioa ematen dute erabiltzaile bat konektatu, mezu bat idatzi edo ordenagailua (edo bestelako gailu mugikor bat) urrutiko zerbitzuekin sinkronizatzen duenean.
The Washington Post egunkariaren informazioaren arabera, NSAk Yahooko 444.743 helbide elektroniko, Hotmaileko 105.068, Facebookeko 82.857, Gmaileko 33.697 eta beste zerbitzari batzuetako 22.881 bildu zituen. Horri esker, agentziak 250 milioi kontaktu-zerrenda bildu ditu urtean.
Kongresuaren baimenik gabe
Izenak eta helbide elektronikoak ez ezik, telefono zenbakiak, posta helbideak eta familiaren eta negozioen inguruko informazioa ere ageri da zerrenda horietan, nahiz eta erabiltzailearen eta kontaktu horien arteko harremana aspaldi etenda egon.
NSAk ez du Kongresuaren baimenik jaso informazio hori biltzeko, eta, AEBko Gobernuko zenbait goi kargudunen arabera, atzerriko herritarren kontaktu-zerrenden kasuan, zerrenda horiek AEBetik biltzea legez kanpokoa izan daiteke.