Mundua -
Aurrekontuen krisia
Obama: 'Ezin dugu estortsioa ohikeria bihurtu'
AEBko presidentea ''negoziatzeko prest'' agertu da, baina ''estortsioa onartu gabe''. Zorraren muga ez handitzea ''bonba nuklear'' baten ondorioekin parekatu du.
Erredakzioa
''Estortsioa ezin da ohikeria bihurtu gure demokrazian'', ohartarazi du astearte honetan Barack Obama AEBko presidenteak. Errepublikanoekin ''negoziatzeko prest'' agertu da, baina ''estortsioa onartu gabe'' eta ''kaos ekonomikoaren mehatxua'' estatubatuarren buru gainean ez dagoen bitartean.
"Utz ditzagun mehatxu horiek gure familietatik eta gure negozioetatik at eta has gaitezen lanean'', aldarrikatu du Obamak, Etxe Zurian eskaini duen prentsaurrekoan.
Bertan, Administrazioa gelditzea hasieratik bilatu izana leporatu die errepublikanoen ordezkaritzarik erradikalenari. ''Gutako inork ez du dirurik aurrezten hipoteka ordaintzeari uko eginda'', esan du.
''Bonba nuklear baten ondorioak''
Ildo horretan, AEBko presidenteak esan du zor nazionalaren muga handitzea oztopatuko lukeen desadostasun bat ''burugabea, kaotikoa eta hondamendia'' litzatekeela, ''bonba nuklear baten ondorioak'' ekarriko lituzkeelako.
"Ez dago agertoki edo aukera onik, ez dago aparteko irtenbiderik, ez dago gure fakturak ordainduko ez bagenitu gurean estreinakoz sortuko litzatekeen kaosa ekiditeko makila magikorik'', esan du.