Mundua -
Nairobin (Kenya)
Askatu dituzte Nairobiko merkataritza-gunean bahitutako gehienak
Erasotzaileak gotortuta zeuden barruan, larunbatean harrapatutako herritarrekin batera. Dagoeneko, 68 hildako izan dira Al Sahabab talde islamiarrak egindako sarraskian.
Erredakzioa
Larunbatetik bahituta zeuden bezero eta langile gehienak askatu egin dituzte Kenyako segurtasun indarrek, Armadak aditzera emandakoaren arabera.
Al Shabab muturreko talde islamiarrak merkataritza-gunea hartuta zeukan larunbatetik.
Segurtasun indarrek Twitterren adierazi dutenez, eraikinaren zatirik handiena kontrolpean dute.
Arratsaldeko lehen orduan leherketa handia izan da Nairobiko Westgate merkataritza-gunean eta ondoren hainbat tiro entzun dituzte inguruan zeudenek.Gurutze Gorriaren arabera, hildakoen kopurua 59tik 68ra igo da.
Erasotzaileak gotortuta zeuden larunbatetik merkataritza-gune barruan eta han eman dute gaua, bertan harrapatuta geratu diren herritarrekin batera.
Al Sahabab Somaliako talde islamiarrak bere gain hartu du erasoa. Taldeko ordezkariek adierazi dutenez, Nazio Batuen erakundea Somalian egiten ari den operazioan Keniako soldaduak parte hartzen ari dira eta horri erantzuteko egin dute erasoa. Halaber, Keniako gobernuari ez dutela negoziatuko ohartarazi diote.
Erasoak nazioartearen gaitzespena eragin du, Ban Ki Moon Nazio Batuen erakundeko buruak, Afrikako Batasunak zein Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak eraso koldartzat jo dute gertatutakoa.
Epaikera ateratzeko eskaera
William Ruto Kenyako presidenteordeak Nazioarteko Zigor Auzitegiari bere kontrako epaiketa atzeratzeko eskatu dio, Nairobiko merkataritza-gunearen krisia kudeatu ahal izateko. Ruto ustez gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik epaitzen ari dira.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2007ko hauteskundeen osteko indarkeria boladaren erantzuletzat jo ditu Ruto presidenteordea eta Joshua Arab Sang kazetaria. Guztira, 1.000 hildako baino gehiago izan ziren.
Uhuru Kenyatta presidentea ere kargu bera egotzita epaituko dute azaroaren 12an
Somaliako erasoa
Larunbatean bigarren eraso bat egin zuen Al Sahabab talde islamiarrak. Bakara izeneko merkatuan izan zen, Mogadiscio hiriburuan, eta kasu horretan granadak erabili zituzten , Shabelle News Network albisteen atariaren arabera. Erasoak hamarka zauritu eragin zituen, tartean atzerritar bat (momentuz, ez dago bere jatorriari buruzko informaziorik), baina hildakorik ez.
Al Shabab taldeak "odisea luzea" iragarri du
Al Shabab muturreko talde islamiarrak larunbatean, bi erasoen ostean, Twiterren adierazi zuenez, Kenian eta Somalian egindako erasoak "odisea luze" baten parte dira.
"Mogadiscion eta Nairobin aurretik Bombain bizi zutena jasaten ari dira", txiokatu dute. Adierazpen horren bidez, erasoen ardura bere gain du talde islamiarrak.
Lekukoen arabera, Nairobiko merkataritza zentro esklusibo eta ospetsuenari egindako erasoa arabiarrez hitz egiten zuen armadunen talde batek egin zuen. Erasotzaileek arabiar hizkuntzan erantzuteko gai ez zirenei tiro egin zieten.