Mundua -
Alemanian hauteskundeak
Alemaniako hauteskundeen inguruko galdera eta erantzunak
Igande honetan ospatuko diren Alemaniako hauteskundeen inguruko informazio praktikoa eta bitxikeriak.
Erredakzioa
1.-Nork eman dezake botoa igandean Alemanian eta nolakoa izango da hauteskunde eguna?
18 urtetik gorako 61,8 milioi alemaniar daude boza ematera deituta. Horietatik hiru bat milioi pertsonak lehen aldiz emango dute botoa, eta bostetik batek 70 urte baino gehiago izango ditu. Goizeko 8:00etan irekiko dituzte hauteslekuak, eta arratsaldeko 18:00ak arte egongo dira zabalik.
2.-Nor aukeratuko da?
Bundestageko (Alemaniako Beheko Ganbera) kideak aukeratuko dira hauteskundeetan. Horiek, gehiengo absolutuz, kantzillerra izendatu beharko dute. Legebiltzarkide kopuru konkreturik ez dago. Amaitzear dagoen legegintzaldian, 620 parlamentarik osatzen zuten Beheko Ganbera. Hemizikloak 598 jarleku ditu baina Alemaniako hauteskunde-sistemak kopuru hori handitzea onartzen du.
3.-Zeintzu dira Alemaniako hauteskunde-sistemaren berezitasunak?
Herritar bakoitzak bi boto ditu. Lehenarekin hautagai bat aukeratzen du, eta, horretarako, herrialdea 299 hautesbarrutitan banatzen da. Diputatu horiek Ganberaren erdia hartzen dute. Bigarren botoa, berriz, alderdien eskualdeko zerrendetara doa eta hautesbarrutia “Lander”-a edo estatu federatua da. Boto horrek alderdi bakoitzak Bundestagen duen indarra zehazten du. Alderdi batek lehenengo botoarekin bigarrengoarekin baino diputatu gehiago eskuratzen baditu, diputatu horiei eutsiko die. Baina beste alderdiei aulki gehiago eskainiko zaizkie, Ganberak bigarren botoak zehaztu duen proportzionaltasuna islatu dezan.
4.-Eta Alemaniko hauteskunde kanpainaren berezitasuna?
Legeak ez ditu hauteskunde kanpainaren egunak zehazten. Alderdiak udan hasi ziren herritarrie botoa eskatzen eta Angela Merkelek, berriz, opor egun batzu hartu zituen Bayreuth Opera Jaialdirara joateko. Bestalde, hausnarketa egunik ere ez dago. Hauteskunde aurreko galdeketak argitaratzeko denbora mugarik ez dago. Orain arte, hauteskunde eguna baino astebete lehenagorako, ez zen inkestarik argitaratzen baina, aurten, hauteskunde egunean bertan ere argitaratuko dira galdeketak.
5.-Zer diote galdeketek?
Inkesten arabera, demokrata-kristauek irabaziko dituzte hauteskundeak berriz ere. Dena den, Angela Merkelek, gobernatu ahal izateko, aliatuak lortu beharko ditu. Kanpainan egungo gobernu koalizioaren alde egin du Merkelek.
6.-Merkel hirugarren aldiz kantzillera ez izateko aukerarik dago?
Zaila da, baina hauteslekuak itxi ondoren zer aliantza egon daitezkeen ikusi behar. Galdeketek diote CDU/CSU eta FDP egungo koalizioak gehiengo minimo bat lortuko duela. CDUk Berdeekin batera gobernatzeko aukera izan dezake, nahiz eta Berdeak, hauteskunde kanpainan, SPD Alderdi Sozialdemokrataren aliatua izan. Eta SPDrekin “koalizio handi” bat egitea ere ezin daiteke alde batera utzi.
7.-Zein irudi dauka Angela Merkelek alemaniarren artean?
Angela Merkel herrialdeko politikaririk baloratuena da. Kantzilerra zuzenean aukeratuko balitz, inkesten arabera, Merkel garaile aterako litzateke, botoen %54 lortuta. Europako beste herrialde askok ez bezala, Alemaniak krisiari aurre egin diola ikusi dute bertako biztanleek. Hori dela eta, analisten ustez, herritarrek ez dute aldaketarik nahi.
8.-Zein aukera dituzte Piraten Alderdiak, Alemaniarako Alternatibak (AfD) eta antzeko alderdi txikiek?
Bundestageko parte izateko alderdiek gutxienez botoen %5 eskuratu behar dute eta horrek alderdi berriak Ganberan sartzea zailtzen du. Galdeketen arabera, Piraten Alderdiak Botoen %2 eskuratuko dute eta AfD alderdiak, berriz, botoen %4.
9.-Zertaz hitz egin da hauteskunde kanpainan?
Kristau-demokratek, makroekonomian lortutako datu onen bultzadarekin, herrialdearen egonkortasunaren aldeko botoa emateko eskatu die alemaniarrei. Alderdi Sozialdemokratak, berriz, lan baldintzen prekarizazioa salatu eta gutxiengo soldata bat eskatu du. Halaber, errenta altuei zergak igo behar zaizkiela azpimarratu du.
10.-Alemaniako hauteskundeetako emaitzek eragina izango dute Europan?
Europarekiko alemaniarrek izan dezaketen jarreran, ez dute aldaketa handirik ikusten adituek. Merkel berriz ere aukeratzen badute, Steffen Seibertek, Alemaniako Gobernuaren bozeramaileak, argi utzi du jarraitutasuna izango dela hitz klabea.