Mundua -

Bake elkarrizketak

FARCek 'etena' iragarri du Gobernuarekin duen bake-prozesuan

FARCen iragarpenaren ondotik, Habanan bake elkarrizketetan parte hartzen ari zen Gobernuaren ordezkaritzari Kolonbiara itzultzeko eskatu dio Juan Manuel Santos presidenteak.

Jorge Torres Victori, 'Pablo Catatumbo', bake prozesuaren 'geldialdia' iragarriz. EFE
orge Torres Victoria, alias 'Pablo Catatumbo', anuncia la 'pausa' del proceso de paz. Efe
Jorge Torres Victori, 'Pablo Catatumbo', bake prozesuaren 'geldialdia' iragarriz. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako bake elkarrizketetan "etena" izan da, izan ere, FARC gerrillak denbora eskatu du Juan Manuel Santos presidenteak aurkeztutako erreferendun proposamena aztertzeko. FARCen iragarpenaren ondotik, Habanan bake elkarrizketetan parte hartzen ari zen Gobernuaren ordezkaritzari Kolonbiara itzultzeko eskatu dio Juan Manuel Santos presidenteak.

"Pablo Catatumbo" gerrillariak Habanan prentsaurrean irakurritako deklarazioan, FARCek bake elkarrizketen aldi baterako etenaldiaren berri eman du. Bake elkarrizketetatik ateratzen den emaitzak herritarren babesa behar duela argudiatuta, martxoko hauteskunde legegileetan edo maiatzeko hauteskunde presidentzialetan, erreferenduma egitea proposatu zuen Juan Manuel Santos presidenteak ostegunean, eta FARC gerrillak proposamena aztertzeko denbora behar duela adierazi du. Halaber, Batzorde Nazional Eratzailea deitzeko duen asmoa nabarmendu du.

"Etenak Gobernuaren proposamena aztertzeko balio izango du", baina taldeko kideen iritzia jakiteko ere aprobetxatuko dute geldialdia.

"Borroka politiko-sozialaren erdian, herritarren artean sortuko diren iritziak entzuteko ere aprobetxatuko dugu denbora hori", gaineratu du FARCek.

Santosen Gobernuak eta hori babesten duten alderdietako presidenteek ostegunean Senatuko Idazkaritzaren aurrean lege proiektu bat aurkeztu zuten, balizko bake akordiora erreferendum bidez berresteko.

Gobernuaren negoziazio taldea Kolonbiara itzuli da

FARCek Kolonbiako Gobernuarekin dituen bake elkarrizketei astelehenean ekingo diela iragarri badu ere, Habanan bake elkarrizketetan parte hartzen ari zen Gobernuaren ordezkaritzari Kolonbiara itzultzeko eskatu dio Juan Manuel Santos presidenteak.

"Prozesu honetan, ez ditu baldintzak eta etenak FARCek ezarriko eta guk egoki ikusten dugunean hasiko ditugu berriz ere bake elkarrizketak", adierazi du Santosek. FARCen oharra aztertzeko, Habanako bake elkarrizketetan parte hartzen ari ziren Gobernuaren ordezkariei Kolonbiara itzultzeko eskatu die.

Gerrillaren adierazpenak zalaparta eragin du Bogotan, eta kolonbiarren pazientziak mugak dituela nabarmendu du Santosek. Halaber, elkarrizketetan aurrera egiteko beharra azpimarratu du.

Humberto de la Calle Gobernuko ordezkariak eten laburra egitea eskatu dio FARC gerrillari, eta bake akordioa, Habanako elkarrizketetako seigarren puntua dela adierazi du.

Urte amaierarako FARCekin akordioa itxi nahi du Kolonbiako presidenteak, eta ordurako balizko erreferenduna ahalbidetuko lukeen legea onartu nahi du. Azken inkesten arabera, kolonbiarren % 59k Santosen proposamena babesten dute.

Alvaro Uribe presidente ohia buru duen oposizioak bake proposamena baztertzen du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea