Mundua -
Bost gizonek bortxatu zuten
Gizon bat atxilotu dute Indiako kazetaria bortxatu izana egotzita
Gainera, Poliziak esan du dagoeneko identifikatu dituela kazetariaren bortxaketan parte hartu zuten gainerako gizonak.
Erredakzioa
Indiako Poliziak gizonezko bat atxilotu du Mumbain 22 urteko kazetariaren bortxaketan parte hartu izana egotzita, eta gainerako ustezko bortxatzaileak identifikatu ditu.
"Dagoeneko atxiloketa bat egin dugu, baina akusatu guztiak identifikatu ditugu", Satyapal Singh Mumbaiko Poliziako buruak azaldu eta Indian dagoen CNNk zabaldu duenez. Gizonak, NDTV telebista-kate indiarrak gaineratu duearen arabera, erruduntzat aurkeztu du bere burua bere kideak salatu baino lehen, denak 20 urtekoak eta antza inguru horretako drogazeleak.
Atzo, osteguna, arratsaldean izan zen bortxaketa, eta bost gizonek kazetariari eta haren lankide bati eraso egin zieten Mahalaxmi auzoko lantegi abandonatu batean.
Antza denez, gizonezkoa jipoitu zuten lehenengo, eta bi lagunen artean inmobilizatu egin zuten gero. Gainerako hiru gizonezkoek 20 urteko gaztea bortxatu zuten. Biktimaren familiaren arabera, barne lesio larriak ditu eta ospitaleratu egin dute.
Azken hilabeteetan, bortxaketa ugari izan dira Indiako hainbat hiritan, eta protesta oldea izan da sare sozialetan.
Gizartean sortutako ezinegonak bultzatuta, agintariek talde berezi bat sortu dute bortxaketak ikertzeko.