Mundua -
Epaia
35 urteko kartzelaldia Manningentzat, WikiLeakseko filtrazioengatik
Espioitza legea urratzea, AEBetako Gobernuaren informazioa lapurtzea, eta bere karguaz gehiegizko erabilera egitea egotzi dio epaileak.
Erredakzioa
Bradley Manning soldadu estatubatuarrari 35 urteko kartzela zigorra ezarri dio AEBetako epaitegi militar batek klasifikatutako 700.000 dokumentu baino gehiago WikiLeaks atariari filtratzea egotzita.
Uztailaren amaieran, Espioitza Legea urratzea, AEBetako Gobernuaren informazioa lapurtzea eta bere karguaz gehiegizko erabilera egitea egotzi zion epaileak, eta gehienez 90 urteko kartzela-zigorrari egin behar zion aurre.
Kasuko epaile militarrak, Denise Lind koronelak, bi minututan irakurri du epaia. Manningek (25 urte ditu) ez du ageriko erreakziorik erakutsi zigorraren aurrean. Azken hori 1.294 egunetan murriztuko dute dagoeneko kartzelan pasa duen denboragatik, 2010eko maiatzean Iraken atxilotu zutenetik eta bederatzi hilabeteko kartzela-aldian eta Quaticoko (Virginia) isolamenduan jasan zuen abusuzko tratuagatik.
Halaber, delitu horiengatik Manning Indar Armatuetatik desohorez kanporatzea eskatu du Lindek. Orain kasua Armadako apelazio-auzitegi batera pasatuko dute automatikoki.
Gobernua ordezkatzen duen Fiskaltzak aste honetan Manningi 60 urteko kartzela-zigorra jartzea eskatu du kartzela militar batean. Defentsaren ustez, aldiz, zigorrak ezin zuen 25 urte baino gehiagokoa izan, urte horiek izango baitziren beharrezkoa filtratutako dokumentuak desklasifikatzeko.
Epaiketan, soldatuak kargu larrienak bere gain hartu zituen, eta barkamena eskatu zuen, bigarren aukera batez gain. Zigorraren herena bete beharko du, baldintzapeko askatasuna izatera iritsi ahal baino lehen.