Mundua -

Istilu larriak

Egiptoko suntsipena ez duela onartuko ohartarazi du Armadak

Hala ere, Armadaren buruak adierazi duenez, hurrengo agintariak aukeratzeko herritarren borondatea errespetatuko dute, "Armadak ez duelako botere nahia".

Istiluek ez dute etenik Egipton. Argazkia: EFE
Istiluek ez dute etenik Egipton. Argazkia: EFE
Egiptorekin dituen harremanak berrikusiko ditu Europar Batasunak

3:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abdel Fatah al Sisi Egiptoko Defentsa ministroak eta Armadako buruak igande honetan ohartarazi duenez, "Egiptoko suntsipenaren eta herritarren aurkako mehatxuen aurrean, agintariak ez dira ezer egin gabe geratuko".

Hala ere, Armadaren buruak adierazi duenez, hurrengo agintariak aukeratzeko herritarren borondatea errespetatuko du Armadak, "botere nahia ez dugulako". "Egipton gobernatzea baino, herriaren borondatea babestea ohore handiagoa da", azpimarratu Al Sisik.

Armadako burua segurtasun indarreko buruekin batzartu da, eta militarrek boterea indarrez hartu dutela leporatu diotenei aurre egin die.

"Ez dut onartuko herritarren artean borroka bat dagoen irudi okerra zabaltzea, ezta herritarrak izutzeko islama erabiltzea ere", ohartarazi du. Armadako buruak azpimarratu duenez, "alderdi guztientzako lekua dago Egipton, eta odol tanta bakoitzak Armada kezkatzen du".

Halaber, Mursiren aldekoei "herrialdearekiko jarrerak berrikustea" eskatu die, "legezkotasuna herriari dagokiolako". "Onena litzateke Mursik bere agintaldiaren gaineko plebiszitua onartu izana, baina horri muzin egin zion, guk horren gainean ohartarazi arren", azaldu du al Sisik.

38 hildako kartzela batean

Gutxienez, Anaia Musulmanen 38 jarraitzaile itota hil dira igande honetan Egiptoko Abo Zaabal espetxean, Barne Ministerioak jakinarazi duenez eta Al Yazira telebista-kateak zabaldu duenez. Gobernuak ikerketa abiatu du jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Presoak espetxe batetik bestera eramateko unean, presoek beraiek guardia bat gatibu hartu dute. Hortaz, presoen ihesaldia ekiditeko gasa erabili dutenez, hauek itota hil dira. Guardiak ihes egiten lortu du, eta larri zaurituta dago, baina Ministerioak ez du xehetasunik eskaini.

Halaber, beste 36 preso hil dira Kairoko iparraldean konboi batetik ihes egiten saiatu direnean, Egiptoko albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.

Protesta berriak

Bestalde, Anaia Musulmanek arratsalderako aurreikusitako martxa bertan behera utzi dute, segurtasun arrazoiak direla medio, Al Arabiya telebista-kateak jakinarazi duenez.

Igande goizean, Egiptoko Poliziak segurtasun neurri handiak prestatu ditu Kairoko Auzitegi Konstituzionalaren inguruan, kolpe militarraren aurka Anaia Musulmanek deitutako manifestazioak hemendik gutxira hasiko zirelakoan.

Harremanak berrikusi

Halaber, Europar Batasunak Egiptorekin dituen harremanak berrikusiko ditu lehenbailehen, eta Afrikako herrialdean prozesu demokratikoa bultzatzeko eta indarkeriarekin amaitzeko neurriak hartuko ditu.

"Azken egunotako hilketak eta indarkeria ezin dira justifikatu eta onartu. Preso politikoak aske utzi behar dituzte", adierazi dute Herman Van Rompuy eta Jose Manuel Durao Barroso Europako agintariek.

385 atxilotu

Bestalde, Egiptoko segurtasun indarrek Anaia Musulmanen 385 kide atxilotu dituzte, Kairoko Al Fatah meskita jendez hustu eta gero, Al Ahram egunkariak jakinarazi duenez.

Legez kanpo utzi

Halaber, Anaia Musulmanak legez kanpo uzteko aukera aztertzen ari da Egiptoko Gobernua, Sherif Shauqi Ministroen Kontseiluko bozeramaileak jakitera eman duenez. Neurria "bitarteko juridikoen bitartez" egingo zuketen, Shauqien arabera.

800 hildako

Egiptoko Gobernuak larunbat honetan iragarri duenez, gutxienez 173 lagun hil eta beste 1.330 lagun zauritu dira azken orduetan herrialde osoan izandako istiluetan. Lehen ministroaren bozeramaile batek prentsaurrekoan azaldu duenez, biktimak ostirala eta larunbata bitartean izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea