Mundua -

Krisia Egipton

Egiptorekin dituen harremanak berrikusiko ditu Europar Batasunak

Prozesu demokratikoa bultzatzeko eta biolentziari amaiera emateko neurriak iragarri dituzte Van Rompuyk eta Barrosok.

Asteazkenaz geroztik istilu larriak izan dira Egipton. Argazkia: EFE
Asteazkenaz geroztik istilu larriak izan dira Egipton. Argazkia: EFE
Egiptorekin dituen harremanak berrikusiko ditu Europar Batasunak

3:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak Egiptorekin dituen harremanak berrikusiko ditu lehenbailehen, eta Afrikako herrialdean prozesu demokratikoa bultzatzeko eta indarkeriarekin amaitzeko neurriak hartuko ditu.

"Azken egunotako hilketak eta indarkeria ezin dira justifikatu eta onartu. Preso politikoak aske utzi behar dituzte", adierazi dute Herman Van Rompuy eta Jose Manuel Durao Barroso Europako agintariek.

Horien esanetan, biolentzia justifikaezina da eta Egiptoko Gobernuari eta armadari egotzi diote erantzukizuna.

Europar Batasuneko enbaxadoreak Bruselan elkartuko dira bihar, Egiptoko egoera aztertzeko eta atzerri ministroen ezohiko bilera deitu ala ez erabakitzeko.

Segurtasun neurri handiak

Egiptoko Poliziak segurtasun neurri handiak prestatu ditu Kairoko Auzitegi Konstituzionalaren inguruan, kolpe militarraren aurka Anaia Musulmanek deitutako manifestazioak hemendik gutxira hasiko direlakoan.

Poliziaren iturriek azaldu dutenez, Itihadiya presidente-jauregiaren inguruan ere segurtasuna sendotu dute, otoi musulmanaren ondorioz, beste protesta bat deitu dutelako. Zonalde horretan, ibilgailu blindatuta eta metal-hesiak daude.

Uztailaren 3an Mursi presidentea boteretik bota zuen kolpe militarraren aurkako beste protesta egunean parte hartuko dute gaur Egiptoko herritarrek. Halaber, aste osoan zehar mobilizatuko direla iragarri dute.

Anaia Musulmanen kideak atxilotu dituzte

Egiptoko segurtasun indarrek Anaia Musulmanen 385 kide atxilotu dituzte, Kairoko Al Fatah meskita jendez hustu eta gero, Al Ahram egunkariak jakinarazi duenez.

Al Fatah Kairoko meskitarik handiena da, eta ostiralean Ramses plazako istiluetatik ihesi 1.500 pertsonek hartu zuten babesa bertan. Geroztik meskita barruan egon dira, baina etxeratze agindua amaituta, Polizia meskitara sartu eta bertan zeuden guztiak aterarazi ditu.

Meskita barruan zeuden hainbat aktibistek salatu dutenez, segurtasun indarrek gas negar eragilea erabili dute, baina Gobernuak gezurtatu egin du.

Al Fatah meskita erietxe eta gorputegi moduan erabili dute Anaia Musulmanek, eta Polizia barrura sartu den unean 70 zauritu eta 31 mediku zeuden bertan, Medikuen Sindikatuko zuzendariaren arabera.

Ostiralaz geroztik 173 pertsona hil dira eta 1.300 zauritu Mohamed Mursiren aldekoen eta segurtasun indarrean arteko enfrentamenduetan

Legez kanpo utzi

Anaia Musulmanak legez kanpo uzteko aukera aztertzen ari da Egiptoko Gobernua, Sherif Shauqi Ministroen Kontseiluko bozeramaileak jakitera eman duenez. Neurria "bitarteko juridikoen bitartez" egingo zuketen, Shauqien arabera.

Hasan el Banak Anaia Musulmanen kofradia sortu zuen 1928. urtean eta Gamal Abdel Naserrek legez kanpo utzi zuen 1954an. Elkartea legeak ez debekatutako ezta baimenduta egoeran dago 2011. urtetik.

'Faxismo teokratikoa'

Egipto "terrorismoaren aurkako gerran" dagoela jakinarazi du gaur Egiptoko Presidentetzak. Halaber, iturri berdinaren aburuz, Mursiren aldeko lagunak "muturreko indarrak" dira.

Komunikabideen aurrean eskainitako prentsaurrekoan Mustafa Higazi Auzi Politikoetarako presidentetzaren aholkulariak adierazi duenez, Anaia Musulmanen "faxismo teokratikoaren aurka altxatu da herria".

Gutxienez 800 pertsona hil dira asteazkenaz geroztik

Egiptoko Gobernuak larunbat honetan iragarri duenez, gutxienez 173 lagun hil eta beste 1.330 lagun zauritu dira azken orduetan herrialde osoan izandako istiluetan. Lehen ministroaren bozeramaile batek prentsaurrekoan azaldu duenez, biktimak ostirala eta larunbata bitartean izan dira.

Joan den asteazkenetik Egiptoko hainbat udalerritan izandako istiluetan 800 lagun hil dira, agintarien aburuz. Anai Musulmanen arabera, berriz, milaka hildako izan dira.

Kairon hil dira pertsona gehien (95 hildako eta 596 zauritu); Alejandrian, 25 hildako eta 171 zauritu, eta Suezen, berriz, 14 hildako eta 62 zauritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea