Mundua -
Wikileaks
Manning soldaduak 'barkamena' eskatu die AEBei
Hirugarren aldiz eramango dute epailearen aurrera. Soldaduak gehienez 90 urteko kartzela-zigorrari egingo dio aurre, 'Wikileaks'i informazio sekretua isilean emateagatik.
Erredakzioa
Bradley Manning soldaduak barkamena eskatu die AEBei 'Wikileaks'i milaka dokumentu sekretu isilean emateagatik, eta "inozo bat" izan dela onartu du, ekintza horrekin "mundua aldatuko zukeela pentsatzeagatik".
"Sentitzen dut jendeari min egin izana. Sentitzen dut AEBei min egin izana", adierazi du 25 urteko analistak epaiketaren bukaeran.
Ahotsa dardarka zuela, Manningek bere damua erakutsi du, eta "bergizarteratzeko aukera berri bat" eskatu dio Dense Lind epaileari.
"Badakit ordaindu beharko dudala"
Azkenik, "pertsona bezala hobetzeko" konpromisoaz hitz egin du, nahiz eta bere ekintzengatik "ordaindu" beharko duela jakin. "Azkenengo urteak ikastaldi luze bat izan dira(...). Pertsona normal bat izan nahi dut, unibertsitatera joan eta graduatu", adierazi du epaimahaiaren aurrean.
Epailearen aurrera eramango duten hirugarren aldia da. Aurreko biak 2012ko azaroan eta aurtengo otsailean izan ziren, Virginiako Quantico presondegi militarreko bizi-baldintzetaz kexatu zenean.
90 uteko zigorra, gehienez jota
Dagoeneko, Manning erruduntzat jo dute espiotza-legea urratu eta informazio sekretua lapurtzeagatik. Iraken analista bezala lan egiten zuen garaiko delitu horiengatik 90 urteko kartzela-zigorrera kondenatu dezakete gehienez.
Aditu militaren arabera, sententzia datorren astean ezagutu daiteke, kasu onenean, eta defentsak alegazioak egiten baditu, bi astetan.