Mundua -
Italia
Berlusconi: 'Errugabea naiz'
Iruzur fiskalagatik lau urteko kartzela-zigorra jarri diote Italiako lehen ministroari, baina ez duela "amore emango" nabarmendu du.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohiak "errugabea" dela esan du, iruzur fiskalagatik lau urteko kartzela -zigorra jaso ostean, eta ez duela "amore emango" gaineratu du.
"Igande batean, abuztuak 4, itzaletan 40 gradu egiten dituenean eta errepideak erretzen duenean, ordu askoko bidai baten ostean, jende asko bere estimua erakustera etorri bada, nik neure konpromisoa mantendu behar dut, eta gogo eta pasio gehiagorekin aurrera egin", azaldu du Italiako buru ohiak.
Berlusconi bere alderdiko (Askatasunaren Alderdia) kideek antolatutako manifestaziora hurbildu diren ehunka pertsonei zuzendu zaie, Erromako egoitzaren aurrean, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean babesa jasoz. Epai horrek Mediaset auzia deitutako zazpi urteko prozesuari amaiera jarri zion.
Berlusconi bere alderdiak Enrico Letta buru den koalizioko Gobernuari dion babesa errepikatu du. Halaber, Gobernuak aurrera jarraitu behar duela eta proposatutako neurri ekonomikoak onartu behar dituela gaineratu du.
Gobernuaren egonkortasuna eta jarraitasuna zalantzan jarri den unean, PDLren eta Lettaren Alderdi Demokrataren arteko tentsioak handituz, lehen ministro ohiak bere alderdiaren "erantzukizun zentzua" aldarrikatu du.