Mundua -
Clevelandeko bahitzailea
Biziarteko zigorra Ariel Castrorentzat, baldintzapeko askatasunik gabe
Fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren, heriotza-zigorra ekidin du. Castrok, baina, bizi osoa emango du kartzelan, ezin izango baitu baldintzapeko askatasunik eskatu.
Erredakzioa
Biziarteko kartzela-zigorra ezarri diote Ariel Castrori, baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukerarik gabe. Ia 10 urtez, Clevelanden (EE.UU.) hiru emakume bortxatzeaz, neska horiei tratu txarrak emateaz eta horiek bahitzeaz errudun jo du akusatuak bere burua.
Guztira, ia 1.000 kargu egotzi zizkioten Castrori, eta horietatik larrienagatik (larriagotutako hilketa) jaso du biziarteko kartzela zigorra. Zehazki, bahitutako emakume bati abortuak eragin arte jipoiak emateagatik jaso du biziarteko zigorra. Horrekin batera, baina, beste 1.000 urteko kartzela-zigorra ezarri diote.
Hala, Castrok ez du Fiskaltzak eskatutako heriotza-zigorrik jaso, berau saihesteko epaiketara joatea ekidin baitu. Hala ere, bizi osoa emango du kartzelan, ezingo baitu baldintzapeko askatasunik eskatu.
Michelle Knight, Amanda Berry eta Georgina "Gina" DeJesus bahitu zituen Ariel Castrok (53 urte), 2002an hasi eta bi urteko epean. Halaber, Berryren sei urteko alabaren aita da.
Lau neskak joan den maiatzean utzi zituzten aske, bahitzailea etxetik kanpo zela nesketako batek bizilagun bati laguntza eskatu ondoren.
Castrok barkamena eskatu du
Epaia jakin aurretik, biktimei eta horien familiei barkamena eskatu die Castrok, eta bera biktima bat dela argudiatu du, gaztetan jasandako abusuak eta pornografiarako menpekotasuna aipatuz. ''Ez naiz munstroa; gaixo bat naiz'', gaineratu du.
Knightek dio barkatu dezakeela, baina ezingo duela ''inoiz'' ahaztu
Castrok bere bizitzaren 11 urte lapurtu zizkiola esan du Michelle Knightek, negar artean, ostegun honetako saioan. Castro barkatzeko gai dela adierazi du neskak, baina ezingo duela ''inoiz'' ahaztu.
''Gauera egin nuen negar; urtean eternitatea izan ziren'', gogoratu du.