Mundua -
Mosku
Errusian urtebeteko babes politikoa lortu du Edward Snowdenek
CIAko teknikari ohiak Moskuko aireportua utzi du. Askatasun osoz mugi daiteke Errusian barrena. ''Azkenean legea gailentzen da beti'', ohartarazi die Snowdenek AEBei, aireportutik alde egin ondoren.
Erredakzioa
Edward Snowden CIAko teknikari ohia Errusian sartu da ostegun honetan, herrialde horretan urtebeteko babes politikoa lortu ondoren. Snowdenei laguntza juridikoa eskaintzen dion Anatoli Kucherena abokatuak eman du albistearen berri, bertako komunikabideetan.
Hala, Moskuko Sheremetiévo aireportua uzteko eta Errusian sartzeko beharrezko dokumentazioa helarazi dio abokatuak CIAko kide ohiari. Hilabete baino gehiago egin du aireportu horretan Snowdenek.
Abokatuak ez du azaldu nahi izan aireportua utzi ondoren Snowden nora joan den. "Susmoa daukat, baina ezin dut esan, segurtasunagatik'', gaineratu du. ''Toki seguru'' batera joan dela izan da abokatuak emandako datu bakarra.
Errusiako agintarien hitzetan, ''hutsala'' da Snowden kasua Errusiaren eta AEBen arteko harremanetan kalteak eragin ahal izateko.
CIAko teknikari ohia joan den ekainaren 23an iritsi zen Moskuko Sheremtievo aireportura, Hong Kongetik, AEBetako agintariek Txinari haren estradizioa eskatu ondoren. Izan ere, Txinara alde egina zen Snowden aurretik, AEBetako zerbitzu sekretuen espioitza sare erraldoia salatu ondoren.
''Azkenean legea gailentzen da beti'', ohartarazi die Snowdenek AEBei
Aireportua utzi ostean, babesa eskaini izana eskertu dio Edward Snowdenek Errusiari, eta ''azkenean legea beti gailentzen'' dela ohartarazi die AEBei.
"Azken zortzi asteotan agerian geratu da Obamaren Administrazioak ez diela inongo errespeturik nazioarteko legeei, ezta herrialde bakoitzaren legeei. Baina, azkenean, legea gailentzen da beti'', adierazi du CIAko teknikari ohiak Wikileaksek zabaldutako ohar batean.
Julian Assange Wikileakseko sortzailearen hitzetan, bestalde, Errusiaren erabakia ''garaipen berria da Obamak filtratzaileen kontra abiatutako ekintzen aurkako gerran''.
"AEBetako agintariek ezin dute mundu osoko komunikazioak kontrolatzen jarraitu. Herritarrek ez dute hori onartu behar. Gobernuak bere legeak bete arte filtratzaileak agertzen jarraituko dira''.