Mundua -
WikiLeaks
'Etsaiari laguntzea' karguan errugabe jo dute Manning
AEBetako Gobernuak biziarteko kartzela zigorra eskatzen zuen. Hala ere, hainbat espioitza delitutan errudun jo dute eta baliteke 100 urteko kartzela zigorrari aurre egin behar izatea.
Erredakzioa
Bradley Manning AEBetako soldadua errugabe jo dute ''etsaiari laguntzea'' karguan. WikiLeaksek zabaldu dituen sekretu militarrak filtratzeagatik epaitu zuten Mannning orain bi aste, eta gaur eman dute erabakiaren berri. Delitu horrengatik, biziarteko kartzela zigorra eskatzen zuen AEBetako Gobernuak, zigorra murrizteko aukerarik gabe.
Delitu horrekin batera, beste 21 kargu egotzi dizkiote soldaduari, baina hau zen horietan larriena. Edonola ere, beste 19 kargutan errudun jo dute (bost espioitza delitu, bost lapurreta, iruzur delitu bat eta beste hainbat delitu militar). Horien ondorioz, baliteke 100 urteko kartzela zigorrari aurre egin behar izatea.
Tokiko komunikabideen arabera, datozen egunotan emango dute epaiaren berri.
Assange: "Manning heroi bat da"
Julian Assange WikiLeaks atariko sortzaileak sententzia gaitzetsi du, eta Manning "heroi" bat dela erantsi du.
Adierazpenak Ekuadorreko enbaxadan egin ditu, Londresen. Epaitegiaren erabakia "aurrekari arriskutsua" dela adierazi du Assangek.