Mundua -
Estatu kolpea Egipton
42 pertsona hil dira, Guardia Errepublikanoaren egoitzaren aurrean
Anaia Musulmanek Armadaren eta herrialdearen agintari berrien kontrako "intifada" egiteko deia egin dute.
Erredakzioa
42 pertsona hil dira eta 322 zauritu bart Kairon, Guardia Errepublikanoaren egoitzaren aurrean Segurtasun Indarretako kideen eta Anaia Musulmanen jarraitzaileen artean izandako istiluetan, bertako telebista kate baten arabera. Osasun Ministerioaren bozeramaileak 35 pertsona hil eta 500 zauritu direla esan du.
Al Ahram egunkariaren arabera, Anaia Musulmanen jarraitzaileak Guardia Errepublikanoaren egoitzaren aurrean, Nasser Hiria Kairoko auzoan, eserialdia egiten ari zirenean, Armada eta Polizia haien kontra oldartu ziren.
Egiptoko Armadak baieztatu duenez, "Anaia Musulmanen jarraitzaileek osatutako talde terrorista batek" eraikinaren aurkako erasoa egin nahi zuen, eta horien kontrako istiluetan militar bat hil eta 40 zauritu direla jakinarazi dute.
Islamistek, bestalde, 34 pertsona hil zirela jakinarazi dute gaur goizean. Gehad el Haddad Anaia Musulmanen bozeramaileak Twitter bidez adierazi duenez, Armada eta Polizia izan dira jazotakoaren errudun, "munizio hilgarria" erabili dutelako.
Askatasuna eta Justizia alderdiak, Anaia Musulmanen adar politikoak, agiri bat kaleratu du Armadaren eta herrialdearen agintari berrien kontrako "intifada" egiteko deia eginez: "Gure iraultza ibilgailu korazatuen bidez lapurtu nahi dutenen kontra altxatzeko deia egiten diogu herriari".