Mundua -
Espioitza
Ameriketako Estatu Batuek Edward Snowdenen estradizioa eskatu dute
Edward Snowden CIAko langile ohia atxilotzeko eskatu dio Hong Kongeko Gobernuari AEBetako Gobernuak.
Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuek Edward Snowdenen estradizioa eskatu diote Hong Kongeko Gobernuari, espioitza sekretuak zabaltzea egotzita, Tom Donilon Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak esan duenez.
Halaber, AEBetako Fiskaltzak Edward Snowden CIAko langile ohia atxilotzeko eskatu dio Hong Kongeko Gobernuari, espioitza, datu lapurreta eta sekretupeko informazioa zabaltzea egotzita.
CIAko langile ohiak AEBetako eta Erresuma Batuetako gobernuen espioitza lanaren berri eman du, The Guardian egunkariaren bidez. Lana utzi eta Hong Kongera joan zen, eta han jarraitzen du herrialderen batean asilo politikoa lortu zain.
AEBetako Gobernuak estradizio hitzarmena du Hong Kongekin eta segurtasun gaietan ere elkarrekin lan egiten dute. Hala ere, "izaera politikoa" duten krimenak hitzarmen horretatik at gelditzen dira.
Leung Chun-ying Hong Kongeko Gobernuko buruak aurreko astean jakinarazi zuenez, "legeak eta egungo prozedurak errespetatuko ditugu AEBek egindako laguntza eskaerari erantzuteko".
Prozesu judiziala
AEBetako Gobernuak bi hilabeteko epea du orain inputazio idatzia aurkezteko eta estradizioa eskatzeko, Snowden AEBetan epaitu dezaten.
Snowdenek estradizio prozesua gelditu dezake Hong Kongeko Auzitegi Gorenera jotzen badu, The Washington Post egunkariaren arabera.