Mundua -

Kongresua asaltatu dute

‘Suminduek’ protestan jarraitzen dute Brasilen

Dilma Rousseff Brasilgo presidentea ministroekin bilduko da gaur, dagoeneko hildako bat utzi duten protesten aurrean Gobernuak izango duen jarrera zehazteko.

Brasilgo 'suminduek' protestekin jarraitzen dute. Argazkia: EFE.
Brasilgo 'suminduek' protestekin jarraitzen dute. Argazkia: EFE.
100.000 lagun atera dira kalera Brasilen lortutakoa ospatzeko

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milioi bat pertsona baino gehiago manifestatu da Brasileko ehunka herritan, duela aste batzuk hasitako protesten harira. Liskar larriak izan dira dozena bat herritan, eta Kongresuari zein Kanpo Ministerioari eraso diete.

Brasilian, 20.000 pertsonak hiria hartu dute, Kongresu aurrean bukatu den martxa eginda. Eraikina 3.500 agentek zaindu dute, eta hutsik egon da. Manifestarien gehiengoak elkarretaratze baketsua egin du, baina talde bat Kongresura sartzen saiatu da.

Manifestariek etxean bolboraz egindako lehergailuak leherrarazi dituzte, polizia-lerroa hausteko. Hala, horietako batek Kongresura sartzea lortu du, baina bertan atxilotu dute. Segurtasun indarrek gas negar-eragileak jaurti dituzte, eta manifestarien kontra oldartu dira.

Brasil, protestas, protestak, EFE

Brasil, protestas, protestak, EFE

(Polizia Kongresua asaltatu duten manifestarien kontra oldartu da. Argazkia: EFE/Agencia Brasil)

Itimaray Jauregian, Kanpo Ministerioaren egoitzan, liskarrak izan dira. Manifestari talde batek bertara heltzea lortu du, martxaren ibilbidea aldatu ondoren.

"Suminduek" segurtasun neurriak gainditu dituzte, eta leihoak apurtu dituzte, eraikinaren barrualdera sartzeko. Bertan, sutea eragin dute. Polizia militarrak gomazko pilotak, gas negar-eragilea eta piper gasa erabili ditu manifestarien kontra.

Larrialdiko Arreta Mugikorreko Zerbitzu Medikoak 31 pertsona artatu ditu Brasilian, eta, horietako 11 ospitaleratu behar izan dituzte. Gomazko pilota bat burezurrean gelditu zaion kasua da larriena.

Ospakizunak Sao Paolon, baina protestak jarraitzen dute

Sao Paolon garraio publikoa garestitzeko erabakia atzera botatzea ospatu dute, baina gizarte mailako aldarrikapenak egiten jarraitzen dute.

Ehun mila pertsona baino gehiago elkartu dira hiriburuko kale nagusietako batean, martxa baketsu batean.

brasil, protestak, EFE

brasil, protestak, EFE

(Milaka pertsona zerbitzu publikoak hobetzearen alde manifestatu dira. Argazkia: EFE)

Manifestari batzuek Langileen Alderdiko (PT) militanteek jantzi ohi duten arropa gorria zeramatenei eraso diete, ez dutelako nahi alderdi politikoek mugimenduaz jabetzea. "Nire alderdia nire herrialdea da", oihukatu dute.

Larrialdi-bilera

Protesta guztien harira, Dilma Rousseff Brasileko presidentea ministroekin bilduko da gaur, Gobernuak hartuko duen jarrera zehazteko.

Rousseffek hurrengo astean Japoniara egin behar zuen bidaia atzeratzea erabaki zuen atzo, protesten jarraipena bertatik bertara egiteko. Halaber, gaur Salvador hirira egin behar zuen bidaia bertan behera utzi du.

Hildako bat

Ribeirio Preton, Sao Paoloko estatuan, manifestazio batean, 18 urteko gizonezko bat hil da eta beste 11 pertsona zauritu dira, kotxe batek harrapatuta.

Polizia Militarrak kotxearen gidaria atxilotu du, baina beste instalazio batzuetara eraman dute, manifestariek lintxa ez dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea