Mundua -
WikiLeaks
Assangek urtebete darama Ekuadorreko enbaxadan errefuxiatuta
WikiLeakseko sortzaileak adierazi du ez duela Londresen dagoen Ekuadorreko enbaxada utziko, AEBetara estraditatuko dutela uste duelako.
Erredakzioa
Julian Assange WikiLeaks webgunearen sortzaileak esan duenez, ez du Londresen dagoen Ekuadorreko enbaxada utziko, nahiz eta Suediak estraditatzeko agindua alde batera utzi. Izan ere, bere ustetan, aukera handiak daude bertatik ateratzen denean bera atxilotzeko eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren esku uzteko.
Assangek urtebete darama enbaxada horretan, eta, Press Association informazio agentziari egindako adierazpenen arabera, bere abokatuek uste dute AEBetako Gobernuak irteera legal bat prestatu dutela hura atxilotzeko eta AEBetara eramateko.
AEBetara estraditatzeak bere bizia arriskuan jarriko lukeela uste du WikiLeaksen sortzaileak.
Assangek adierazi duenez, ez du enbaxada utziko "Erresuma Batuko Gobernuak seguru ibiliko naizela bermatzen ez badit".
"Badakigu AEBetan ikerketa bat martxan jarri dutela, eta badakigu ni bertako epaileen jomuga naizela. % 99,97ko probabilitatea dago ni inputatzeko", jakinarazi du informatikariak.
Hori dela eta, abokatuek "enbaxadatik ez irteteko" gomendatu diote Assangeri, "ni atxilotzeko eta AEBetara estraditatzeko arriskuagatik".
WikiLeaksen fundatzailea 2010eko abenduan atxilotu zuten Londresen, Suediako agintariek igorritako estradizio agindu baten harira. Hiru sexu-eraso egitea eta bi emakume bortxatzea leporatzen diote Suedian.
Ordutik aurrera, Erresuma Batuko Justiziak herrialde nordikora bidaltzea erabaki zuen. Australiarraren ustetan, akusazio horiek indar politikoek eragindakoak dira.
Assangek uste duenez, bere egoerak irtenbidea izango du honako bi kasuetan: "Suediak ez nauela AEBetara estraditatuko bermatzen badu, edo Erresuma Batuko Gobernuak AEBetara estraditatzeko eskariak baztertuko dituela agintzen badu".