Mundua -

Ipar Irlandan goi-bilera

G8ak bilera egingo du, segurtasun neurri handien artean

Munduko estatu industrializatuenen koalizioa Ipar Irlandan bilduko da, Siriako gerrari eta ekonomiaren egoerari buruz eztabaidatzeko.

David Cameron eta Vladimir Putin atzo bildu ziren Londresen. Argazkia: EFE.
David Cameron eta Vladimir Putin atzo bildu ziren Londresen. Argazkia: EFE.
David Cameron eta Vladimir Putin atzo bildu ziren Londresen. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko estatu industrializatuenen taldeko (G8) buruzagiak gaur eta bihar bilduko dira Ipar Irlandan, Siriako gerrari eta ekonomiaren egoera globalari buruz eztabaidatzeko.

Segurtasun neurri handiak ezarri dituzte AEBetako, Japoniako, Italiako, Kanadako, Alemaniako, Errusiako eta Erresuma Batuko presidenteen eta lehen ministroen arteko bilkuraren inguruan. Bilera Lough Ernen izango da, eta, 24 orduz, terrorismoaren kontrako borrokari, iruzur fiskalari eta merkataritzaren liberalizazioari buruz eztabaidatuko dute, besteak beste.

Atzo, igandearekin, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa eta Vladimir Putin Errusiako presidentea Londresen bildu ziren, eta, esan zutenez, G8ko goi-bileran jarrerak hurbiltzen saiatuko dira. Errusiako presidentea, gainera, Barack Obama AEBetako presidentearekin bilduko da gaur, Siriako gerrari buruz eztabaidatzeko.

G8aren goi-bileran, ekonomia globala hartuko dute gaur hizpide. Horretan, Angela Merkel alemaniarrak, Shinzo Abe japoniarrak eta François Hollande frantsesak ezadostasunak azalduko dituzte. Japoniako lehen ministroak diru politika malguagoa abiatu du, indar handiz, eta gastu publikoa areagotu du, herrialdearen hazkundea berpizteko asmoz. Europan nagusi diren doitasun planen guztiz kontrakoak dira asmo horiek.

Ondoren, aldebiko kontaktuen erronda bat egin ostean, zortzi buruzagiak kanpo politikari buruz arituko dira, eta Siriako gerraz hitz egingo dute.

Goi-bilera Lough Erneko hotel isolatu batean egingo dute, aintzira baten ondoan. Gune horretara 8.000 polizia bertaratu dira, hotela inguratzen duen zazpi kilometroko hesia zaintzeko.

Bihar, asteartearekin, terrorismoaren aurkako politika jorratuko dute. Horretaz gain, gosarian, gardentasunari, merkataritzari eta zergei buruz arituko dira. Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak ere parte hartuko du horretan, gonbidatu berezi moduan.

David Cameronek aukeratu ditu gai horiek, ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kontra egiteko akordioak bideratzeko asmoz.

G8aren goi-bilerari amaiera emateko, Cameronek prentsaurreko bat emango du, eta, horren ostean, beste buruzagiek azalpenak emango dituzte euren delegazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea