Mundua -
Protestak Turkian
Parketik joateko eskatu die manifestariei Erdoganek
Turkiako lehen ministroak Gezi parkearen etorkizunari buruzko erreferendum bat egiteko aukera iragarri zuen atzo.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak Istanbuleko Gezi parketik joateko "azken oharra" eman die manifestariei.
"Zuen eskakizunak azaldu dituzue jada; beraz, alde egin ezazue bertatik", adierazi du Erdoganek Ankaratik.
"Pazientzia agortzear dugu. Azkeneko aldiz eskatuko dut parketik alde egiteko", adierazi du. Atzo Gezi parkearen etorkizunari buruzko erreferendum bat egiteko aukera iragarri zuen.
"Guk Istanbuleko jendeak nahi duena egingo dugu. Gezi parkea ez da okupatzaileena, nazio osoarena baizik", azaldu du Erdoganek jarraitzaileen aurrean.
Parkea Istanbuleko erdigunean dago, eta bertan merkataritza-gune bat eraikitzeko proiektua zegoela zabaldu zenean, milaka pertsonak manifestazioa egin zuten hori salatzeko. Poliziak indarra erabili zuen horiek sakabanatzeko, eta protesta hura Erdoganen politikaren aurkako mobilizazio bihurtu eta herrialde osoan hedatu da.
Gutxienez lau pertsona hil dira eta milaka pertsona zauritu dira poliziaren eta manifestarien arteko istiluetan.